San Nikolas gotzain txikiak
San Nikolas eguna ospatuko dute. Abenduaren 5ean Zegaman eta Legazpin, eta abenduaren 6an Seguran.
San Nikolas gotzaina hil zeneko eguna gogoratzen dute urtero ...
San Nikolas eguna ospatuko dute. Abenduaren 5ean Zegaman eta Legazpin, eta abenduaren 6an Seguran.
San Nikolas gotzaina hil zeneko eguna gogoratzen dute urtero abenduaren 6an Goierriko hainbat herritan. San Nikolas gotzaina umeen zaindari izendatuta dagoenez, umeei zuzendutako festa izaten da egun honetakoa.
Seguran 150 urte baino gehiago dira San Nikolas eskea abenduaren 6an egiten dutela. Segurako tradizioak dioenez, herritar batek, parrokiko sakristauari gotzain jantzi txiki bat oparitu zion, eta ordutik, abenduaren 6ean, 6 urteko haur bat gotzainez jantzita irteten da herrian zehar. Aurtengoan, Danel Niño Azurmendi izango da. 10:00etan, Arbolaritik irtenda, pottoka gainean joango da gotzain txikia batetik bestera, herriko umeek lagunduta. Haurrek kantatu eta segurarrek leihoetatik botatako gozokiak jasoko dituzte. Azken urteetan bezala, Nikolas Txikiak eta Segurako Tarta Ardixarran eta plazan salgai jarriko dituzte.
Zegaman bi gotzain
Zegaman ere ospatzen dute San Nikolas eguna. Dena den, egunean bertan ospatu beharrean, bezperan, abenduaren 5ean egingo dute San Nikolas eskea. Aitxuri Eskolako haurrak bi taldetan banatuta ibiliko dira kantuan, bakoitza bere gotzainarekin. Aurten, Haitz Goia eta Nora Etxezarreta izango dira gotzainak. Bigarren eta Hirugarren ziklokoak 09:00etan aterako dira kantuan; lehenengo ziklokokoekin 10:00etan elkartuko dira eta haur hezkuntzakoekin, 11:30ean. Ondoren guztiak elkarrekin herrigunean ibiliko dira.
Bildutako dirua Siriako errefuxiatuak laguntzen dituen Save the Children erakundearentzat izango da.
Legazpin ere bezperan
Legazpiko kasuan, Olazabal Institutuari dagokio aurten San Nikolas izendatzea eta DBH2ko Iker Zeberiok izango du San Nikolas izateko ohorea.
Abenduaren 5ean, Laubide kaletik, 17:30ean hasiko dute San Nikolas erronda. Musika Eskolako musikariek lagunduta, kalez kale ariko dira San Nikolasen omenezko kantuak abesten. Euskal Herria plazan amaituko da, 19:00ak aldera. Eguraldiak lagunduko ez balu, ekitaldia azokan egingo da.
Tradiziozko txokolate beroa hartuz eta kakahueteak janez amaituko dute San Nikolas bezpera eguna legazpiarrek.