Ataungo lurretik, Huntza musikaren horman gora
Aldapan gora bakarrik ez —izenburu hori du abesti entzun batek—, euskal musikaren hormetan gora ere laster igo da Huntza taldea. Duela bi ...
Aldapan gora bakarrik ez —izenburu hori du abesti entzun batek—, euskal musikaren hormetan gora ere laster igo da Huntza taldea. Duela bi urte Bilboko Alde Zaharrean elkartutako sei ikaskide gipuzkoarrek eratu zuten, eta tartean dira Ataungo Aitzol eta Inhar Eskisabel anaiak. Durangoko Azokan argitaratuko eta aurkeztuko dute Ertzetatik lehen diskoa, toki askotako kideak (Ataun, Arrasate, Hernani eta Lastur) daudela aditzera emateko.
Unibertsitateko ikasleak dira denak. Aitzol Eskisabelek gitarra jotzen du, eta Fisika ikasten ari da. Inharrek baxua astitzen du, eta Enpresa Zientziak ari da ikasten, Donostian. Josune Arakistain (trikitia eta ahotsa), Uxue Amonarriz (ahotsa eta panderoa), Peru Altube (bateria) eta Aitor Huizi (biolina) dira beste musikariak.
Grabaketa, irailean
Udaberrian egin zuten lehenengo agerraldia jende aurrean, Emakumearen Nazioarteko Egunean. Harro gaude abestiarekin bideo bat ere ekoitzi zuten, eta harrera ona jaso zuen. Oholtzara igotako lehenengo emakumeen historia kontatzen du, Iñaki Gurrutxaga bertsolariaren hitzekin.
Geroztik, Aldapan gora sarkorrak irratiak konkistatu ditu.
Bi pieza entzun horiei beste hamar bat gehitu, eta Ertzetatik diskoarekin gorpuztuko da Huntza taldearen erromerietako jarduna, aurrerantzean. Hamabi kantu izango ditu.
Irailean grabatu zuten, Usurbilgo Higain estudioan, Haritz Harregi teknikariarekin. «Denetik pixka bat» izango du: abesti tradizionalak, trikitiari garrantzia gehiago emanda; trikitirik gabekoak, ataundarren gitarra-baxuak ageriago direnak…
Letrak bertsolariei eskatu dizkiete, batez ere. Gurrutxagaz gain, Maider Arregi, Maialen Akizu urretxuarra edo Eli Pagola izan dira letragile. Arakistain taldekideak ere idatzi ditu.
Abenduaren 16an Zaldibian kontzertua du Huntzak; Mutrikun (17), Arrasaten (29) eta Bilbon (otsailak 2) joko dute. Ataunen entseatzen dute.