Goierri Birzirikek manifestazioa deitu du abenduaren 18rako, Ormaiztegitik Lurpe isurtegira
Mutiloako lurretan jarri nahi duten Gipuzkoako hondakinen zabortegiaren aurka, Goierri Birzirikek manifestazioa antolatu du. Abenduaren 18an izango da, igandearekin. 11:45ean Ormaiztegiko plazan elkartu, eta 12:00etan hasiko da oinezko martxa, Lurpe isurtegiraino. Arropa berdeak jantzita eta zapi berdeekin joateko eskatu dute —kolore horretako puxikak balkoian jarrita irudikatu dute azpiegituraren aurkako mugimendua—.
Goierri Birzirikek batzar ireki informatzailea egin zuen, atzo, Gabirian. Gizarte eta instituzio lanketan, jakinarazi du Goierriko udal guztietan mozioa sartuta dagoela. Orain arte zazpi udalbatzak onartu dute birziklapenaren aldeko eta zabortegiaren aurkako adierazpena. Bestetik, kalean burututako sinadura bilketetan 1.300 goierritarrek adierazi dute atxikimendua.
Bestetik, arlo juridikoan “oraindik ezer erabaki gabe” dagoela ohartarazi du Goierri Birzirikek, “nahiz eta prentsan esaten ari diren dena eginda dagoela eta esleipen kontratua sinatuta daukatela”. Sinadurarik ez dutela ikusi nabarmendu du plataformak, eta aldi berean Mutiloako Udalari arau subsidiarioen datuak eskatzen ari diela, “zabortegia jar litekeen ala ez ikusteko”. Oraindik “egiteko eta erabakitzeko asko” dagoela dio plataformak.