Ikaslanek mende laurdena bete du, 4.000 ikasleri lan praktika erakutsita
Bukatu ditu 25 urteko ospakizunak. Formazioa eta lankidetza publiko-pribatua goretsi dute agintariek. Iazko ikasleen %84k orain lana du. Urteko 4,8 milioiko fakturazioa du
Ikaslan Fundazioak bukatu ditu 25. urteurreneko ospakizunak, udaberrian hasitakoak. 1991n sortua, maiatzaren 9an bete zituen 25 urte. Ordiziako Mallutz industrigunean dauka egoitza, eta, lehengo ostiralean, goraxeago dagoen Goierri Eskolan egin zuten itxiera ekitaldia, gonbidadu saldoarekin.
Lan mundura egokitutako «heziketa praktikak» egiten dituzte Ikaslanen Lanbide Heziketako ikasleek, Goierri Eskolarekin elkarlanean. Goierriko Herrien Ekintza Fundazioaren adarrak dira bi entitateak, Goierri beheko 18 udalerriek eta hogei bat enpresa handienek parte hartua.
«Prest gaude gure bezeroei balio erantsi gehiago eskaini, eta geroa partekatzeko» Zador Gaztañaga (Ikaslaneko formakuntza zuzendaria) «Misio baten inguruan egin behar dugu lan, testuinguru estrategiko batean» Iñaki Zabalo (Goierri Eskolaren zuzendaria)Itxiera ekitaldian, Ikaslanen dohainak goretsi zituzten arduradunek eta agintariek. Bailarako enpresen beharrei erantzuten diela argitu du Zador Gaztañagak, Giza Baliabide eta Formakuntza zuzendariak. «Enpresen etorkizunari lotua dago Ikaslan, beti egon den moduan. Etengabeko garapenean jarraituko dugu, merkatuaren beharrei erantzuteko». Ikaslanek bi barne-ildo dauzka: prestakuntza eta ekoizpena. Ekoizpenaren arloan, bost negozio eremu ditu: laser bidezko ebaketa, mekanizazioa, galdaragintza, elektrizitatea eta muntaketa lanak. Bezero nabarmenenak Arcelor Mittal, Irizar, Indar, Gureak, GH, CAF, Orkli, Ampo, Jaso, Goian, Sunsundegui, IK4-Lortek edo Mega ditu. Titulatuen %84 lanean Ikaslanen, ikasiz lan egiten duten ikasleek ohi baino 800 ordu gehiagoko esperientzia eskuratzen dute. Normalean, praktiketan 2.000 ordu betetzen baditu ikasle batek, Ikaslanen jarraituta 2.800 osatzen ditu. «Enpresako prozesua eta funtzionamendua ikusten dute», dio Manuel Ormazabal zuzendariak.
«Bere garaian egin zen formakuntzaren apustua berritzaile joko litzateke gaur» Felix Urkola (Goierri Fundazioko lehendakaria) «Enpresako prozesua eta funtzionamendua ikasten dute ikasleek, eta prestatuago doaz» Manuel Ormazabal (Ikaslanen zuzendaria)Horrek, ondorengo lan mundurako jauzian eragina baduela erakutsi dute arduradunek. «Iazko ikasturtean titulua eskuratu zuten 152 lagunetatik, 127 lanean ari dira gaur egun, %84. Beste %13k ikasten segi du, eta %3 langabezian dago», dio Goierri Eskolako zuzendari Iñaki Zabalok. Ikaslanen 25 urteko historian, 4.000 ikasle baino gehiago ibili dira, urteko batez beste 140 lagun. Urteko 4,8 milioi euroko fakturazioa du, eta 300.000 euroko inbertsio ahalmena. Ekoizpenean 30 pertsona aritzen dira aldiko, «zuzendari, erakusle eta kontratutako langileen artean». Ekitaldian ziren enpresa nagusietako ordezkariak, baita agintari politikoak ere. Goierriko Herrien Ekintzako lehendakari Felix Urkolak bi kontzeptu jo ditu, «arrakastaren euskarri»: «Bere garaian egin zen formakuntzaren aldeko apustua, gaur berritzailetzat joko litzatekeena; eta lankidetza publiko-pribatua. Bi oinarri horiekin bete ditu Ikaslanek 25 urte, eta horiek gabe Goierri ez zatekeen gaur dena izango».













