Legorretako Gaztetxea 12. urteurrena ospatzeko prest
Legorretako Gaztetxearen 12. urteurrena dela eta, bihartik larunbata arte, hainbat ekintza antolatu dituzte Legorretako Gazte-piku asanbladakoek. Aurtengo leloa 12 urte, 11 kantu izango da.
La Haine (Gorrotoa, euskaraz), filmaren emanaldiarekin irekiko dute 12. urteurreneko ekitaldi programa. Mathieu Kassovitzek zuzendutako film frantziarra da. 1995ean estreinatu zen, eta gizartetik baztertutako hiru gazteren (judu bat, arabiar bat eta beltz bat) bizitza kontatzen du. Istorioa Parisko auzo baztertu batean kokatzen da, 1990eko hamarkadako erdialdera. Filmaren emanaldia, herri antzokian izango da bihar 21:00etatik aurrera.
Ostiralean, Gazteraikin aurkezpen hitzaldia egingo dute Gaztetxean 17:30ean. Aspaldi hasitako autogestioaren hausnarketarekin jarraituko dute Gazte-piku asanbladakoek eta beste herri batzuetan dituzten autogestio ereduak aztertuko dituzte. Egun berean, baina 23:00etatik aurrera, Andoni bakarlariaren emanaldia, Gaztetxean.
Larunbatean berriz, bazkari herrikoia egingo dute 14:00etan Gaztetxean. Ondoren, ohikoa den kantu jokuak. Programarekin jarraituz, 18:30ean kantu poteo egingo dute herriko kaleetan zehar eta amaitzeko, iluntzean karaokea egingo dute Gaztetxean, 23:00etatik aurrera.