Idiazabalgo N-1eko lotunea itxi egingo dute, hiru egunez
Gi-2637 errepidean egitekoak diren berrikuntza lanak direla eta, Idiazabalek N-1 errepidearekin duen iparraldeko lotunea itxi egingo dutela jakinarazi du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Mozketa hiru egunez egongo da indarrean, astelehenetik asteazkenera bitartean. Tarte horretan, Seguratik eta Idiazabaldik N-1era edo Olaberriko industrialdera sartu nahi duten ibilgailuek, hegoaldeko lotunea erabili beharko dute.
Aldundiak azaldu duenez, “goizeko lehen orduko trafikoa ahal den neurrian ez eragozteko”, abenduaren 12, 13 eta 14an goizeko 09:30etik arratsaldeko 18:30era egongo da itxita lotunea.