Zumarragako kaleen historia hitzetan bilduta
Zintzo-Mintzo euskara elkarteak antolatuta Zumarragako kaleen historia ezagutzeko kale ibilaldia egin dute gaur goizean. Ibilaldia Antonio Prada Zumarragako udaleko agirizainak eta historialariak gidatu du. 20 bat laguneko taldetxoa elkartu da
Zintzo-Mintzo euskara elkarteak antolatuta Zumarragako kaleen historia ezagutzeko kale ibilaldia egin dute gaur goizean. Ibilaldia Antonio Prada Zumarragako udaleko agirizainak eta historialariak gidatu du.
20 bat laguneko taldetxoa elkartu da 11:00etan Eitzagako Korta taberna ondoko plazatxoan. Bertan hasi dute ibilbidea, Pradak azaldu duenez, Eitzaga izan baitzen Zumarragako lehen hiri-auzoa. Eitzagatik Kalebarrenera jaitsi dira, Eliz-kale eta Piedad kaleetatik barrena. Kalen hauek “XVI. mendean jada existitzen” zirela esan du historialariak.
Kalebarrenetik geltoki aldera egin dute gero, Soraluze, Legazpi eta Secundino Esnaola kaleetatik aurrera. “XIX. mendearen bigarren erdialdean, trenbidea egin zuten eta herria geltokiraino zabaltzen” hasi zen Pradak argitu duenez. Ordu hartakoak dira azkenak aipatutako auzoak. Ibilaldia Legazpi dorretxean amaitu da, “Soldadu etxea zen, eta bertan Lazkaoko jauntxoaren ordezkaria bizi zen”, berak kontrolatzen omen zituen baserriak.
Urteetan Zumarragako kaleek izan dituzten izen aldaketez ere aritu da Prada. Kalebarren esaterako, Zufiaurre izan zen garai batean, Soraluze Kale Berria edo Secundino Esnaola Geltokiko kalea batzuk aipatzearren. Izen aldaketa gehien, dena den, plazetan eman da. Nafarroa plazak, adibidez, ez zuen izenik izan hasiera batean, “herriko plaza bakarra baitzen”; hala plaza berria egin zutenean Plaza Zaharra izatera pasa zen. Bigarren Errepublika garaian, Sabino Arana Goiri izena eman zioten, baina erreketeak Zumarragan sartu zirenetik Nafarroa plaza izan da.
Euskadi plazak ere izan ditu beste horrenbeste izen. Plaza berria, Artiz, Alfontso III., Errepublikaren plaza eta Espainia ere izan da.