ENBA eta EHNE sindikatuek babestutako testuak "abeltzainen interesak defendatzea" du helburu
Gipuzkoako Batzar Nagusiek onartu egin dute Aralarko pisten alde ENBA eta EHNE sindikatuek sustatuta EAJ, PSE eta PPk aurkeztutako mozioa. Hiru alderdien ordezkariek baiezko bozka eman diote testuari, 28 aldeko boto guztira. Podemoseko bost ordezkarik ezezkoa eman diote, eta EH Bilduko 14ak abstenitu egin dira.
Gipuzkoako baserri alorreko bi sindikatuen ordezkariek gaitzetsi egin dute Podemos eta EH Bilduren jarrera, mendiko abeltzaintzaren onura ekologikoak eta biodibertsitateri egindako aportazioa aitortu arren, “bertan diharduten abeltzainentzat bizi eta lan baldintza duinak babesteko arazoak” dituztela argudiatuz. “Badirudi baserria eta baserritarren aldeko mezuak bolo-bolo dabiltzatenek zalantza ugari dituztela teorian defendatzen dutena errealitatean gauzatzeko” azaldu dute. Aralarren eta beste mendietan lan egiten duten abeltzainek “hitz politak alboratu eta ekintzetara pasatzea exijitzen” dutela erantsi dute.
Orain, Batzar Nagusien babesa jaso ondoren, bi sindikatuek “dei berezia” egin diete Goierriko udal ordezkari guztiei “Alderdi politikoetako disziplina itsua alboratu eta beren herritarren eta baserritarren interesak defenda ditzaten bai herrian bai Enirio-Aralarko mankomunitatean”.