Goierriko aurpegi ezagunek bat egin dute Mutiloako zabortegiaren aurkako manifestazioarekin
Goierri Birzirik herri plataformak, zazpi udalek eta hainbat arlotako pertsonaia ezberdinek, Mutiloako zabortegiaren aurka igandean egingo den manifestaziorako deia egin dute gaur. Manifestazioa eguerdiko 12:00etan aterako da Ormaiztegiko plazatik, eta Mutiloako Lurpe zabortegiraino joango dira, Birziklapenaren alde, zabortegirik ez lemapean. Festa giroko protesta izango dela azaldu dute, trikitilariak, dantzariak eta Ordiziako erraldoiak izango baitituzte bidelagun.
Agerraldian, Pello Zabala fraideak hartu du hitza. “Gipuzkoako zaborraren zatirik handiena” Cespa enpresak Mutiloan duen Lurpe zabortegira eramango dutela azaldu du, “urtean 102.000 tona zabor, hiru urtez, Zubietako erraustegia eraiki arte”. Erabaki horrek, biztanle askorengan “kezka eta haserrea” sortu du, eta Gipuzkoako zabortegi guztiak ixten ari diren garaian, ea beste baten beharra dagoen galdetu dute.
Gainera, Lurpek “ingurumen baimen guztiak” betetzen dituela dioten arren, hainbat lege eta arau urratzen dituela azaldu dute. Mutiloako hiri-plangintzarako arau subsidiarioak, edota Mutiloako Udalaren eta Cesparen arteko hitzarmena jarri dituzte adibide moduan. Gainera, hiri hondakinak jasotzeko, zabortegiak jarduera-baimen berria beharko lukeela adierazi dute.
Gehien birziklatzen dutenei zigorra
Datuak ere eman dituzte gaurko agerraldian. Gipuzkoan, urtean 165.000 tona errefusa sortzen direla azaldu dute, biztanleko 19 kilo hilean. Bataz besteko horren oso azpitik leudeke Mutiloako zabortegiak gehien kaltetutako hiru herriak: biztanleko 5,8 kiloan, alegia. Elixabete Garmendiak azaldu duenez, “gu baino askoz ahalegin txikiagoa egiten dutenek eragindako arazoaren ondorioak” jasan beharko dituzte goierritarrek. Horren harira, “zer solidaritate mota” den hori galdetu du. “Birziklatzea era egokian egiten den eskualde bateko biztanleok, askoz okerrago egiten dutenen ondorioak pairatu behar ditugu, gure bailaran zabortegi berri bat abian jarrita?”.
Ormaiztegin, Mutiloan eta Gabirian bataz beste duten 5,8 kiloko datu hori oinarri hartuta, proposamen bat ere egin dute; Gipuzkoako udalerri guztiek biztanleko sortzen duten errefusa kopuru horretara mugatzea lortuko balut, Gipuzkoa mailan urteko 165.000 tonatik 50.000 izatera pasako litzateka. Horregatik, mezu bat zabaldu dute, “etxeetako hondakinak behar bezala sailkatzea derrigorrezkoa” dela. Goierri Birziriken mozioa onartu duten zazpi udalek, dagoeneko hartu dute konpromiso hori.
Zabortegiak gehien kaltetutako hiru herrietan, eta baita Goierrin ere “sortutako atsekabe eta haserreari bide” eman nahian, igandean Ormaiztegin egingo den manifestaziora joateko deia luzatu diete goierritar guztiei.
JASOTAKO ATXIKIMENDUAK
Udalak:
- Mutiloako Udala
- Gabiriako Udala
- Ormaiztegiko Udala
- Ezkio-Itsasoko Udala
- Segurako Udala
- Zaldibiako Udala
- Zeraingo Udala
- Elixabete Garmendia (kazetaria)
- Pello Zabala (fraide frantziskotarra)
- Juan Joxe Agirre (fraide beneditarra)
- Ainhoa Moiua (irakaslea eta zeinuen hizkuntzan itzultzailea)
- Gurutze Irizar (Kooperante saria eta erizaina)
- Amelia Jauregia (artzaina)
- Jakoba Errekondo (agronomo eta paisajista)
- Pello Olaberria (txirrindularia)
- Iker Irribarria (pilotaria)
- Martin Alustiza (pilotari ohia)
- Iñaki Azurmendi (aizkolaria)
- Iñaki Murua (bertsolaria)
- Xabi Arakama (musikaria)
- Iker Zubeldia (bertsolaria)