Hogeita hiru liburu argitalpen, bederatzi disko, eta lau ikus-entzunezko. Uzta horixe eman du 2016ak Goierriko letretan, musikan eta dokumentalgintzan. Denetariko ekoizpenak sartzen dira hor, hasi literaturatik, eta tokiko historia, gida edo argazkigintza liburuetaraino.
Liburugintzaren arloan, euskaraz atera dituzte 13 titulu, gaztelaniaz 8, eta beste bi bi hizkuntzetan. Idazle beteranoen saiakerek eta fikziozko lanek ez dute hutsik egin, literaturan. Xabier Mendiguren Elizegik, Patxi Zubizarretak edo Pello Lizarraldek narratibaren aztarnari segitu diote, helduentzako irakurgai bana aterata.
Kopuruari dagokionez, aipagarria da Zubizarretaren urtea. Hiru titulu kaleratu ditu, horietatik bi haur eta gazte literaturako liburuxkak.
Itzulpenen atalean, Garazi Goiak Naomi Wooden Mrs. Hemingway euskaratu du. Aipagarria izan da, baita ere, lehenbiziko aldiz duela 26 urte argia ikusi zuen Txaro Idiakez ezkiotarraren itzulpen baten berrargitarapena ere: Joyce Barkhouseren Port Lajoyeko sorgina atera du Elkarrek, berriz.
Dibulgazioa eta ikerlana
Dibulgazioko lanen artean, musikari lotutako bi liburu berri aurkitu ahalko dira Goierrin, aurten. Jon Eskisabel lasartearrak —Ataunen bizi da— Bide Ertzean talde tolosarraren historia bildu du liburu batean.
Bi lazkaotarrek, aldiz, —Mario Oiarbide eta Iker Altuna— musika kontzertuetan ikusi, entzun eta sentitutakoa papereratu dute, gaztelaniaz, kontzertu kronika bilduma batean.
Saiakeran, Joseba Gabilondo aipatu behar da. AEBetan bizi den idazle eta irakasle urretxuarrak —Michigango estatu unibertsitateko irakaslea da— globalizazioa Erdi Aro modernotzat jo du.
Tokiko historia arakatu duten ikertzaileek ere hiru emaitza aipagarri utzi dituzte. Jose Antonio Azpiazu historialari legazpiarrak euskaldunen eta itsasoaren arteko loturan sakondu du; Jose Mari Urtzelai herkideak Legazpiren XX. mendeko historiaren hirugarren eta azken liburukia ondu du, 1975-2000 epeari dagokiona. Eta, Beasainen, CAFen bagoi fabrikak XX. mende hasieran eragin zuena aztertu du Olaizola-Garcia bikoak, Beasaingo Paperetan.
Urretxuar bat ere atal horretan txertatu beharrekoa da, nahiz gaia kanpokoa den: Pedro Berriotxoa. Aieteko (Donostia) baserriei eta familiei buruz historia lana egin du.
Bertsogintzak ere utzi du altxor txiki bat. Berriki kaleratu dute, Ataunen, Sabino Auzmendiren bertso jarrien liburua. Urtetan jarritako bertsoak dira, 90 urteko gizonaren begietatik jasotako sentipen, gertaera eta bizipenenak.
Karlos Gimenez musikaria ere nobedade da, baina ez diskoagatik. La voz rendida poesia liburua argitaratu du.
Gaztelaniazko narratiban, Aixa Vizuete zumarragarra, Pedro Zirauki erriberriar-legazpiarra eta Koldo Gutierrez poeta beasaindarra izan dira izen berezi batzuk. Kontuan hartzekoa da, aurten, poesia gaztelaniaz bakarrik argitaratu dela.