Bihar eta etzi bitartean lau musika emanaldi egongo dira. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Extremadurako Zentroetako zortzi abesbatzek kantatuko dute Latxartegin bihar arratsaldean.

Gabon giroa barreiatuko da asteburuan Legazpin musika doinuen bitartez. Lau emanaldi egongo dira bihar eta etzi bitartean. Alaitasuna errondailak Gizarte Zentroan kantatuko du bihar, 20:00etan. Etzi, Goiz Deia txistulari taldeak kalejira egingo du Laubide eta Urtatzan 09:00etatik aurrera eta etzi, Legazpiko Musika Bandak, Buztintegi abesbatzak eta Santikutz abesbatzak emanaldia eskainiko dute parrokian 19:00etan.
Ez da Santikutz abesbatzak daukan hitzordu bakarra. Bihar, Extremadurako La Bellota kultur zentroak antolatuta, Gipuzkoa, Araba eta Bizkaiko zortzi abesbatzekin batera kantatuko du Legazpiko koruak Latxartegin, 17:00etatik aurrera. Gabon kanta jaialdia izango da hau ere. Santikutz abesbatza La Bellotako kideen gonbidatu berezia izango da biharko emanaldian.
La Bellotako sortzaileetako bat da Ana Sanchez, Badajozeko Valle de la Serenatik iritsi zen Legazpira 14 urte zituenean. Behin Extremadura sorterri zuten beste legazpiar batzuekin afaltzera elkartu zen eta handik sortu zen La Bellota zentroa irekitzeko ideia. Urte asko dira ordutik, baita Sanchez Legazpin erroak bota zituenetik ere, «legazpiar sentitzen naiz Extremadurakoa bezain beste».
Orain bi urte koruak ekarri zituzten eta aurten ere ekartzea erabaki dute, «zentroak berak erabakitzen du ekarri edo ez». Legazpiko zentroan abesbatza dago, sei-bat musikarik eta zortzi-bat kantarik osatzen dute.
Egun La Bellota zentroak 60 kide inguru ditu, bikotekideekin batera kopuru hori bikoizten dute. Asteburutan elkartzen dira zentroan.
Eskoletan ere Gabonak
Urtero bezala, Haztegi ikastolaren erakusleihoaren gortinak ireki eta aurtengo jaiotza erakustera emango dute, merkatu txikia jarriko dute eta Martin Pipasi Olentzerorentzat gutunak emango dizkiote haurrek.
Etzi, Santo Tomas azoka muntatuko dute Domingo Agirre eta Olazabal institutuko ikasle, irakasle eta gurasoek Legazpiko plazako arkupeetan. Azoka 11:00etan irekiko dute.