Amaia Erbina eta Enara Cacho, txapeldun Euskal Selekzioarekin
Erkidegoen arteko Espainiako B mailako errugbi txapelketa jokatu dute asteburuan, Malagan (Andaluzia, Espainia). Euskal Selekzioko neskek irabazi dute txapelketa, urtarrilean, A mailara igotzeko lehia jokatuko dute, Valentziaren kontra. Selekzioan bi goierritarrek parte hartzen dute: Amaia Erbina ordiziarrak eta Enara Cacho lazkaotarrak.
Txapelketa borobila egin du Euskal Selekzioak; final aurrekoetan, 84-0 mendean hartu zuten Murtziako taldea. Finalean berriz, Andaluziari irabazi zioten. Partida estuagoa izan zen, eta 10-13 atzetik joan baziren ere, lau minuturen faltan entsegua lortu eta 15-13 nagusitu ziren.