Lander Mujika ordiziarra ostiko luze bat egiten, arerioak traba egiten dion bitartean. // Argazkia: Cachaphotography
Ampo Ordiziak ezin izan du punturik urratu Madrilera egindako bisitan. Sanitas Alcobendas taldearen aurka jokatu zuen atzo, goizeko 11:00etan. Ezohiko ordutegia, eta ez ohiko jokalekua; izan ere, Alcobenaseko zelaiaren egoera txarra zela medio, Puerta de Hierro zelaian jokatu behar izan zuten.
Ordiziarrak indartsu atera ziren zelaira, baina partidak aurrera egin ahala, etxekoak zelaian bere tokia bilatzen joan ziren. Ampok ez zuen erasoan asmatzen, eta madrildarrek arerioaren akatsak aprobetxatzen asmatu zuten. Atsedenera 12-8ko markagailuarekin joan ziren, etxekoen alde. Jokoan ez zen halako alderik izan, baina bigarren zatian, etxekoek tartea handitzea lortu zuten, 34-18ko markagailua jarri arte.
Liga eta kopa, urtarrilean
Eguberriak direla eta, ohorezko mailako egutegiak etena izango du hiru astez. Urtarrilaren 8an ekingo diote berriz, derbi batekin, Getxo taldea hartuko baitute Altamiran. Hilaren 15ean berriz, kopako partida izango dute, hura ere etxean, Santanderko Senor Independienteren kontra.