‘Elorriaga’ eta Ugarteburuk marka bikaina ezarri dute
Jabier Aranberri Elorriaga eta Joxe Ugarteburu aizkolari beteranoek 20 kana erdiko ebaki zituzten, txanda librean, atzo Zumarragako plazan. Batak 63 urte ditu eta besteak 60. Halako lan bati aurre egin
Jabier Aranberri Elorriaga eta Joxe Ugarteburu aizkolari beteranoek 20 kana erdiko ebaki zituzten, txanda librean, atzo Zumarragako plazan. Batak 63 urte ditu eta besteak 60. Halako lan bati aurre egin dioten 60 urtetik gorako lehen aizkolariak dira eta marka polita ezartzen saiatu dira. Baita lortu ere: 42 minutu eta 4 segundo behar izan zituzten 20 enborrak ebakitzeko.
Ugarteburu gustura ageri da. “Ondo jardun gara, nahiz eta egurrak gogor samarrak ziren. Egindako lanarekin konforme gaude. Espero genuen denbora egin dugu”.
Gainera, jende asko hurbildu zen bi aizkolarien saioa ikustera. “Jende asko bildu da, guk espero baino gehiago. Jendearen erantzunarekin ere pozik gaude”. Ikusleen artean aizkolari ezagunak zeuden: Xabier Zaldua, Anjel Arrospide, Xabier Dorronsoro, Joxe Aierbe… “Saioa bukatu dugunean beraiekin hitz egiteko aukera eduki dugu eta guztiek dugun adinerako oso lan ona egin dugula esan digute”. Saioaren ostean Ezkioko ostatuan bazkaldu zuten, senitartekoekin eta lagunekin.