«Historia ipuin bat bezala kontatu behar da arreta erakartzeko»
Gasteizko EHUn Historiako laugarren mailan dabil David Nieto (Beasain, 1995). Astea Gasteizen pasatzen du ikasten, eta asteburuan, berriz, bere herriko Igartzako Monumentu ...
Gasteizko EHUn Historiako laugarren mailan dabil David Nieto (Beasain, 1995). Astea Gasteizen pasatzen du ikasten, eta asteburuan, berriz, bere herriko Igartzako Monumentu Multzoan lan egiten du. Denetik egiten du: bisita gidatuetan azalpenak eman, eta bertan antolatzen diren hainbat eta hainbat ekintza prestatzen lagundu.
Ikasitakoa praktikan jartzen ari zara, beraz.
Bai, niretzat oso baliagarria da, lan mundua nola funtzionatzen duen ikusten duzulako. Esperientzia hau bizi izateko zortea daukat herrian bertan. Oso pozik nago.
Aurten bukatuko duzu Historiako karrera. Zein garai edo arlotan espezializatzeko asmoa daukazu?
Lehenik eta behin, CAP edo irakasle izateko espezialitatea atera nahi dut. Horretaz gain, historiaren inguruko espezialitate edo arlo bati begira, Asiako historiak asko erakartzen nau.
Zergatik Asia?
Eskoletan askotan historia ikuspuntu europar batetik azaltzen da. Hau da, historian azaltzen diguten guztia da, historiaurrea, antzina aroa, erromatarrak, erdi aroa eta nola hedatzen den aro berria mundura, Kolonen aurkikuntza… Baina ez digute esaten munduan garai haietan zer aurkitzen den; adibidez, Asian edo Amerikan. Baina ikusten duzu munduko beste esparru horiek Europa bezain garatuta agertzen direla. Zergatik ezin ditugu eskoletan biak azaldu? Antzina aroan esate baterako, zergatik ez azaldu Txinako edo Indiako egoera? Bertan ere inperio handiak agertzen ziren. Horregatik erakartzen nau hainbeste, misteriotsua edo ezezaguna delako.
Historia askotan ez da ikasleen ikasgairik gogokoena izaten. Nola erakutsi beharko litzateke Historia?
Irakasgai guztietan berdina gertatzen dela iruditzen zait. Nola edo zerekin erakarri gazteak? Pixka bat da, irakaslearen eta ikaslearen arteko gauza bat da. Irakasle onak izan ditut, gertukoak egiten direnak. Baina badaude beste irakasle batzuk, asko dakitenak, baina hotzak direnak…. Ondo transmititzeak lortzen du bestearen arreta erakartzea. Lortu behar duguna da, sentimendu hori ateratzea. Azkenean historia ipuin bat bezala kontatu behar da arreta hori lortzeko. Eta ez bakarrik historiako gauzarik politenak azalduz. Interesa piztu egin behar da moduren batera; interesa piztea lortzen denean, dena eginda dago.
Horrelako irakaslea izan nahi duzu orduan.
Bai, asmoa hori da. Bisita gidatuetan sentimendu hori transmititzen saiatzen naiz Igartzan, jendeari historia gertutasun horrekin azalduz. Eta jendeak hori baloratzen du.