Azarolak eta Agirrek jasoko dute Kultura Saria
Sariak bihar emango dituzte Legazpiko Kultur Etxean
Legazpiko Udalak lehenengo urtez emango du Kultura Saria. Iñaki Azarola eta Bittor Agirreri emango diete aurtengoa. Biak ala biak bertsolariak eta Brinkolakoak. Gaur iluntzean izango da sari banaketa ekitaldia. Legazpiko Kultur Etxean emango dituzte sariak, 19:00etan.
Ekitaldian Bertso-Olariak eskolako bertsolariek parte hartuko dute. Kultura Saria ez da Legazpiko herriak egin dien lehenengo aitortza. Izan ere, 2010eko Santikutz jaietako pregoilariak izan ziren bi bertsolariak Legazpiko Bertso Eskolaren izenean. 80 urte bete dituzte jada eta euren urtegunaren harira ere omendu dituzte Brinkolan bertan.
Hala Azarola nola Agirre 1960. hamarraldian txapelketetan ibilitakoak dira. Gerora ere, txapelketa eta sariketa askotan parte hartutakoak dira. Xalbador, Uztapide, Basarri eta Lazkao Txikirekin kantatutakoak dira, baita Sebastian Lizaso eta Andoni Egañarekin ere.
Bertso-Olarien taldea
Bertso-Olariek eskolako bertsolariek Gipuzkoako Herri Arteko txapelketan parte hartzeko taldea osatu dutela iragarri dute. Lehiaketa ez da 1999. urtetik egin. Urtarrilean jakingo dute saioak non eta noren aurka izango diren.