Goierriko Talde Antiespezista sortu dute, animalia-espezie guztientzat eskubideak defenditzeko
Animalia espezieen arteko berdintasuna aldarrikatzen du Goierri Antiespezista talde sortu berriak. Tartean, gizakiak sartuta. Orain dela hilabete eratu zuten Goierri mailako taldea. «Espezismoaren aurkako borroka da gurea. Espezismoarekin esan nahi duguna da espezie batzuk infrabaloratzea edo gaizki tratatzea, eta beste batzuk onartzea edo maitatzea», azaldu du taldeko kide Maddi Pecharromanek.
Lazkaoko, Zaldibiako, Ordiziako eta Beasaingo sei lagun bildu dira Goierri Antiespezistan. Irekita dute ekimena. «Animalien inguruan zentratzen gara, ikusten dugulako min gehien jasaten dutenak direla. Animalien abustu jarrerak edo gizakien onurarako erabiltzea salatzen dugu», dio Pecharromanek.
Animaliak edozein modutara «erabiltzea» bera deitoratzen dute, ez kalte eragitea bakarrik. «Adibidez, lehengo astean Santa Lutzi eguna izan zen, eta animaliak objektuak izango balira bezala erakusketan jarri zituzten. Facebook bidez salatu genuen», gogoratu du Goren Fernandes kideak.
Oraingoz, sare sozialetan ari dira aldarrikapenak eta salaketak zabaltzen. Autofinantzaketarako dirua lortuta, taldearen iritziz animalien eskubideak azpiratzen dituzten tokietara joan, eta «akzioan jartzea» dute helburua, «pankartekin edo esku-orriekin jendea informatuta».
Kontsumoa ere aldatu
«Animaliengan errespetuan oinarritutako bizimodua eta filosofia» zabaldu nahi du Goierri Antiespezistak; «eta hori borrokara eraman nahi dugu, ideia politiko bezala. Guztion berdintasun eta askatasun eskubideak bermatu nahi ditugu, animalia guztien parekotasuna», dio Fernandesek.
Ildo horretan, animaliak gizakien kontsumorako erabiltzea ere begi txarrez dakusate, eta beganismoa sustatuko dute.
«Urtean 27.000 milioi animalia hiltzen ditugu edo erailtzen dituzte guri supermerkatuan jartzeko. Begano egiten den pertsona bakoitzeko, urtean ehun bizitza salba daitezke. Hori ere kontuan eduki behar da. Gure pribilegioak eta haragi-zaporearen plazerak utzi, eta beste bizitzei balorea eman nahi diegu», gaineratu du Fernandesek.
Aurrerantzean, deialdi irekiak egingo dituzte Facebook bidez (Goierri Aniespezista), eta goierritar guztiei egin diete gonbidapena taldean nahiz jardueretan edo ekintzetan parte hartzera.