Jarduera fisikoari eta nutrizioari buruzko eguna Zumarragan
Unai Jorge eta Iurgi Fernandez herritarren Salto enpresak jarduera fisikoari eta nutrizioari buruzko jardunaldi bat antolatu du urtarrilaren 3rako, Zumarragako Udalaren laguntzarekin. Ekimen honen helburua zumarragarren eta urretxuarren artean ohitura
Unai Jorge eta Iurgi Fernandez herritarren Salto enpresak jarduera fisikoari eta nutrizioari buruzko jardunaldi bat antolatu du urtarrilaren 3rako, Zumarragako Udalaren laguntzarekin. Ekimen honen helburua zumarragarren eta urretxuarren artean ohitura osasuntsuak hedatzea da.
Salto Training Eguna urtarrilaren 3an egingo dute, 08:30etik 14:30era, Zumarragako kultur etxean eta Beloki pilotalekuan. Parte hartzaileak kultur etxean elkartuko dira eta, 15 minutuko aurkezpenaren ostean, Ilargi Gallastegik elikadurari buruzko hitzaldia emango du: otorduen antolaketa, kalorien ingestioa eta kontsumoa, sukaldatzeko aholkuak, elikadurari buruzko mitoak…
Ondoren, Fernandezek eta Jorgek jarduera fisikoari buruz hitz egingo dute: kirola ez egiteko erabiltzen ditugun aitzakiak, kirola egin nahi dutenek eman beharreko lehen pausoak, entrenamendu baten antolaketa… Hitzaldi honen ondoren, parte hartzaileak Beloki pilotalekura joango dira. Bertan, luzapenak egin ostean, ariketa ezberdinak egingo dituzte: aparatu kardiobaskularra landu, abdominalak, lunbarrak eta gluteoa landu (core), intentsitate altuko lan orokorra (global HIIT) eta gomekin ariketak egin (thera band).
Parte hartzaile guztiek poltsa bat, ariketak egiteko goma bat, fruta eta ura jasoko dituzte. Gainera, opariak zozkatuko dira: kirol materiala, bi lagunentzako afaria, arropa, saski bat, Eibarren eta Atletico Madrilen arteko partida ikusteko sarrerak… Bestalde, nahi duten guztiek elikaduran adituak prestatuko duen bazkarian parte hartzeko aukera edukiko dute.
Parte hartu nahi dutenek hilaren 30a baino lehen eman behar dute izena. Jardunaldiak 30 euro balio du eta menuak 12. Kiroldegiko bazkideek 27 euro ordainduko dute jardunaldiagatik. Izena emateko, kultur etxera edo kiroldegira jo behar da edo bi zenbaki hautako batera deitu: 688 608 509 edo 688 608 435.