Beasainek 16,7 milioiko aurrekontua izango du, iaz baino %5 handiagoa
Enplegu plana eta gizarte eta ongizate arloko programak lehenetsiko ditu udalak. Iazko proiektuei jarraipena eman eta berri batzuk ere jarriko dituzte martxan 2017an
Beasaingo Udalak onartu du 2017ko udal aurrekontua, EAJren eta PSE-EEren aldeko botoekin eta EH Bilduren abstentzioarekin. Guztira 16,7 milioi euro izango ditu udal korporazioak eta aurreko urteko kontuen jarraipena izango dela azaldu dute, «udalaren helburu nagusiak berdinak» izango baitira datorren urtean ere. Hala, ekonomia eta enplegua sustatzeko plangintza, gizarte ongizatea, «herriari nortasuna emateko kultur jarduerak» eta herriko eta auzoetako hainbat puntutan hobekuntzak egitea izango dira proiektu nagusiak.
Pasa den osteguneko osoko bilkuran onartu zuen aurrekontua udalbatzak. 16.770.646 euro izango ditu udalak 2017an, aurteko kontuetan baino %5 gehiago. Zorpetze maila ere iaz baino dezima bat txikiagoa izango da, %3,41ekoa (iaz %3,56 izan zen). Aitor Aldasoro alkateak azaldu duenez, «udalaren zorra jaistea lortu zen 2016an», eta 2017an 3,1 milioi euroan geldituko da.
Diru horrekin udalak aurrera eramango dituen proiektuen artean, «berriak eta 2016an martxan jarritakoak» izango dira. Proiektu horien guztien helburua «enplegua sustatzea, gizarte laguntzak eta programak bermatzea, herriari bizia eta nortasuna ematen dioten kultur jarduerak bultzatzea eta herri atseginagoa eta herritarren beharretara egokitutakoa eskaintzea» izango direla azaldu du Aldasorok. Proiektu horietako batzuk dira enplegu plana, gizarte laguntza eta programak, Igartza Musika egitaraua, Loinaz futbol zelaian belarra aldatzea, Goiz Alzheimer programa edota Dolarea parkean egin beharreko txukunketa lanak, besteak beste.
Langabeziari aurre egiteko plana aurten jarri dute martxan, eta 2017an ere eutsi egingo diote lanketari. Gizarte eta ongizate arloan, baratze sozialen proiektua, Beasain Lagunkoia eta Lonja Market programa izango dira egitasmo nagusiak. Hirigintzan, herriko hainbat puntutako urbanizazio eta hobekuntza lanak, gune degradatuak berreskuratzeko KUDA egitasmoa, Bonberia eraikinaren proiektua eta Olaranen segurtasuna bermatzeko proiektua aurrera eraman nahi dituzte. Kulturari dagokionean, berriz, Igartza Musika programa eta bekak, eta dantzan.com webgunea landu eta lagunduko dituzte.
Kirol instalakuntzak
Datorren urterako aurreikusi dituzten proiektu berrietako bat, kirol instalakuntzen berrikuntza izango da. Batetik, Beasain Kirol Elkarteak hala eskatuta, Loinatz zelaiko belarra aldatuko dute; eta bestetik, instalakuntza horietan irisgarritasuna hobetzeko hainbat inbertsio egingo dituzte.
Aparkalekuen gaia izan ohi da herritarren eguneroko kezkatako bat. Udalak «herriko zenbait lekutan aparkaleku gehiago jartzeko azterketa» egin eta mugikortasun plana jarri nahi du martxan. Kalean eta udal eraikinetan «energia eta ura aurrezteko» neurriak ere hartuko dituzte. Beasaingo azoka larunbatetan egitea aztertuko du udalak.
Bizikidetza lantzeko hainbat egitasmo ere landuko dituzte, Baketik fundazioarekin batera. Beasainera bizitzera datozen herritar berrientzat harrera programa bat garatuko dute, eta «herriko puntu kritikoen azterketa» egingo dute.
Euskararen erabilera bultzatzeko proiektu berriak martxan jarriko dituzte. Eta udaleko informazioa «modu eraginkorrean» zabaldu eta herritarren eskura jartzeko, webgunea berrituko dute.













