Eraikinari Euskal Kulturaren Ondare izenpena eman dio Eusko Jaurlaritzak. Haur eta adinekoei zuzendutako ekipamenduak eta liburutegia hartuko ditu .Milioi bat euroko aurrekontua du
Ormaiztegiko eskola zaharra Euskal Kulturaren Ondarearen Zerrenda Nagusian sartu du Eusko Jaurlaritzak. Eraikinak duen balio historikoari erreparatu diote batik bat. Izan ere, ez da Euskal Herrian halako ezaugarriak dituen eraikin asko geratzen nahiz eta, XX. mende hasieran, antzeko eskola asko altxatu ziren.
Udalaren 2011ko Hiri Antolaketa Plan Orokorrean aurreikusten zen jada monumentuen zerrendan sartzeko asmoa. Orain, eraikinari erabilera berria emateko urratsa ematera doaz eta datozen bi urteetako proiekturik garrantzitsuena izango da.
Zaharberritze lanak uda partean hasiko dituztela esan du Jon Enrique alkateak. «Orain artean eraikinari erabilera ezberdinak eman zaizkio, baina egokitu gabe», dio alkateak. Egingo dituzten birmoldaketa lanekin eraikinak hartuko ditu haur txokoa, gaztelekua, Gabiria, Ezkio-Itsaso zein Ormaiztegiko jubilatuen egoitza eta adineko eguneko zentroa. Eguneko zentroa mendekotasun maila handia ez duten adinekoei zuzenduta egongo da. Liburutegia eta kultur areto bat ere izango ditu.
«Ormaiztegiko zerbitzuak hobetzeko konpromisoa azaldu genuen agintaldi hasieran eta konpromiso horri erantzungo dio Eskola Zaharraren birmoldaketak», azaldu du alkateak. Erakunde ezberdinen diru laguntzak jasoko dituztela gehitu du.
Eskola eta koartela
Proiektuak, orotara, milioi euro inguruko aurrekontua izango du. Zatirik handiena Ormaiztegiko Udalak jarriko du, baina Eusko Jaurlaritzaren Ondare sailaren laguntza jasoko dute, baita Gipuzkoako Foru Aldundiaren gazteria eta kultura zein gizarte sailen laguntzak ere. Irizar kooperatibak ere pisu handiko laguntza emango duela nabarmendu du alkateak.
Birmoldaketa lanen proiektu exekutiboa egin du jada Ipark enpresak eta eraikina erabilera anitzeko espazio funtzionaletan banatuko dutela aurreratu du alkateak, «astean zehar itxitako espaziorik egon ez dadin».
Eskolak ormaiztegiarren historia zati bat hartzen du, «estimatua da bertakoentzat asko han ikasitakoak direlako». Eskola izan zen, beheko solairuan bi pabilioi zeuden, bata neskentzat eta bestea mutilentzat. Goiko solairuan maistraren edo irakaslearen etxebizitza zegoen. «Egun, etxebizitza hori izandako espazioan ikasgelak daude», azaldu du alkateak. Ondoren, guardia zibilaren koartela izan zen eta bestelako erabilerak ere izan ditu kultur etxe bihurtu aurretik.
1909an eraiki zuten eskola eta Jose Angel Hernandez de Casadevane izan zen arkitektoa. Sustatzailea garaiko Ormaiztegiko udal korporazioa izan zen. Estilo eklektikoa du eta dekorazioan baserriena ekartzen du gogora, hala materialei nola antolamenduari dagokienez.