Goierriko eta Tolosaldeko 50 gaztek zigor ekonomikoak jaso dituzte Ezpala gaztetxearen okupazioagatik. Auziperatutako gazteak ere badaude. Plataformak sortu dituzte, babes bila
Goierriko hainbat gaztek, 15ek hain zuzen, zigor ekonomikoa jaso dute Tolosako Ezpala gaztetxearen bigarren okupazioaren ondoren, bertan egindako herri harresiaren ondorioz. Irati Zubizarreta beasaindarra tartean zegoen, eta bera da zigor ekonomikoa jaso duenetako bat: «Gazte mugimendua geldiarazi eta desagertarazi nahi dute horrelako ekintzekin», adierazi du Zubizarretak.
Egun hartan, 50 gazte ingururi ezarri zitzizkien zigor ekonomikoak, herri harresian parte hartzeagatik. Guztira 15.000 euro ordaindu beharko dituzte, denen artean. Gertakari berberaren harira, bi gazteri prozedura judiziala ireki berri diete, eta fiskaltzak 3 urte eta 2 hilabeteko espetxe zigorra eskatzen du bakoitzarentzat.
Tolosaldean, ordea, ez dira berriak horrelako gaiak. Aitor Tolosa gazte mugimenduko militantea da eta 38.000 euroko zigor ekonomikoa, eta 5 bost urte eta bost urte eta erdi arteko espetxe zigorra jasotzeko arriskuan dago, 2015ean Tolosako Inauterietan gertaturiko lixkar batzuekin lotuta. Azken kasu horretan «Ertzaintza Tolosako Herriko tabernara gerturatu eta egoera tenkatu» zutela salatu du Aitor Tolosak. Liskarra, ordea, «ondoko taberna batekoa zen eta ez Herriko tabernan, baina egoera aprobetxatu» zutela uste du Tolosak. Gertakari horien ondorioz, hiru pertsona atxilotu zituzten, «baliorik gabeko frogak oinarri hartuta».
Tolosako gazte mugimendua «jasaten ari den jasarpen poliziala» salatu nahi du Tolosako gazteak eta guztiei jarri dizkieten zigorrek «helburu argia» dutela salatu dute bi gazteek; «Sistema kapitalista heteropatriarkalaren aurka borrokatzen duen gazte mugimendua jazartzea».
Problematika horri aurre egiteko deialdia zabaldu dute Euskal Herri osoan zehar antolaturik dauden herri mugimendu zein gazte mugimenduetako eragile ezberdinei, «borrokara batu daitezen, muntaia polizialaren aurka». Gertakariak, «eurek kontatu bezala ez» zirelako izan.
Babeserako plataformak
Egoerari aurre egin eta babesa bilatzeko asmoarekin, bi plataforma sortu dira; bata Gazteak Kalean izenarekin eta bigarrena Garden plataforma. Lehenengoa, gazte mugimenduko kideek eta beste hainbat eragilek osatzen dute. Helburu nagusia, «egoera horri merezi duen erantzuna ematea» dela diote Tolosak eta Zubizarretak.
Bestalde, Garden plataforma, Tolosako auziperatuen gurasoek sortutakoa da. Beren seme-alaben «eskubideen eta etorkizunaren defentsan, eta guztien askatasuna lortu arte» egingo dutela lan adierazi dute.
Horretaz gain «geldi ez» direla egongo aitortu dute bi gazteek eta «kamisetak, kontzertuak eta bestelako mobilizazioak egingo» dituztela aurreratu dute.