Vicente Ezkurdia eta Francisca Zurutuza senar emazteek XIX. mendean ireki zuten Ezkurdia fonda, Ormaiztegin. Bainuetxera etortzen ziren turistei zerbitzuak eskaintzen zizkieten, besteak beste. 1967an eraitsi zuten
Gaur egun gezurra badirudi ere, XIX. mendearen amaieran turista dirudun ugarik bisitatzen zuten Ormaiztegi. Herriko bainuetxeak erakarrita etortzen ziren. Turista haien beharrak asetzeko, eta zerbitzu osagarriak eskaintzeko, bi fonda ere ireki zituzten garai hartan Ormaiztegin: Elosegitarren fonda eta Ezkurdiatarrena. Azken honek, hiru belaunaldi iraun zituen eta 1967an bota zuten. Bitartean, Ormaiztegiko turismoaren gorakada eta dekadentzia ezagutu zituen.
Sabin Ezkurdiak, fonda ireki zuten Ezkurdiatarren ondorengoak, ederki oroitzen du fonda. Izan ere, han pasa zituen haurtzaroko ordu asko, Bixente Ezkurdia osabarekin pastelak egiten. Sabinek azaldu duenez, bere birraitonak ireki zuen fonda XIX. mendearen amaieran, Vicente Ezkurdiak. Ataungo Ezkurdia etxekoa zen izatez, baina Ormaiztegin jarri zen bizitzen, Francisca Zurutuzarekin ezkonduta. Maiora Berri etxea erosi zuten senar-emazteek, eta bertan jarri zuten Ezkurdiatarren fonda.
Dena den, Julian Ezkurdia semea izan zen fondaren garai gorena ezagutu zuena. «Hark harrapatu zituen bainuetxearen urterik onenak, eta eraikina handitu zuen, jangela handi bat gehituz», azaldu du Sabinek. Denetariko zerbitzuak eskaintzen zituzten Ezkurdiatarren fondan: taberna, jatetxea, logelen alokairua, denda… Horrez gain, zaldiak zituzten, eta turistekin irteerak egiten zituzten. Txokolatea eta elizarako kandelak ere egiten zituzten. «Fabrika moduko bat zen, herrian behar zena ekoizten zuena», esan du Sabinek. «Gaur egun zutik egongo balitz, museoa izango litzateke».
Gerraostean, beherakada
Julian 36ko gerraren aurretik hil zen, eta Jaxinto semeak hartu zuen fondaren ardura. Gerra garaian garraiolari aritu zen Jaxinto. Gerraostean, berriz, dekadentzia gailendu zen Ormaiztegin. Bainuetxeak beherakada handia izan zuen, eta, ondorioz, herriko fondek ere bezeroak galdu zituzten. «Negozio eredua aldatu egin behar izan zuten; ez zuten hainbeste lan egiten turistekin, eta gehiago langileekin».
Tren geltokira igotzeko dagoen bidegurutzean zegoen Ezkurdiatarren fonda, gaur egun Arana tarbernaren aurreko plazatxoa dagoen lekuan, gutxi gorabehera. Fonda bertan zela egin zituzten plazako etxeak, eta 1967an eraitsi zuten fonda.
Fonda bota arren, Jaxintok negozioarekin jarraitu zuen apur batean. Gaur egun Arana taberna dagoen lokalean, taberna antzeko bat jarri zuen. «Oraindik fondako generoa zuen, eta, gainera, asko gustatzen zitzaion jendearekin egotea», azaldu du Sabinek. Halaxe eman zion amaiera Vicente aitonak hasitako negozioari.
Ezkurdiatarren mazapanezko krokodiloa, ospetsua
Beste hainbeste gauzaren artean, tartak eta pastelak egiten zituzten Ezkurdiatarrenean. Jaxinto Ezkurdiak, ikastaro bat egin zuen Donostian, postreak egiten ikasteko. Ijito besoak, petixu-ak, hojaldrezko kanutilloak… egiten zituen Jaxintok, baita herrian oso ezaguna egin zen krokodiloa ere. «Mazapanezko krokodilo handi bat izaten zen; Ezkurdiatarreneko kokodriloa deitzen zioten herrian, eta oso ezaguna zen», azaldu du Sabin Ezkurdia ilobak. Hasieran fondan bertan egiten zuten, baina azkenaldera kanpotik ekartzen zuten.
Errezeta liburua, altxorra
Jaxintok, koadernotxo bat ere bazuen, egiten zituen postreen errezetak xehetasunez idazten zituena. Ilobek oraindik gordeta dute Jaxintoren errezeta liburua. Koaderno zahar-zaharra da, baina ongi irakur daitezke errezetak, letra oso txukunarekin idatzita baitaude. Azalpen testuez gain, eskuz egindako marrazkiak ere baditu koadernoak, pastelei zein forma eman behar zitzaien hobeto azaltzeko.
Errezetez gain, koadernoaren amaieran hainbat ohar ditu idatzita Jaxintok. Esaterako, tomate landareei zein tratamendu eman behar zaien zomorroen kontra, edota etxeko hormak nola margotu behar diren. Hau da, bere egunerokorako beharrezkoak zituen ohar guztiak jasotzen ditu koadernoak. Sabinen hitzetan, «bere altxor txikia zen».
Gaur egun, Jaxintoren errezeta liburuak Ezkurdiatarren fonda eta haien mazapanezko krokodiloa oroitzeko balio die ormaiztegiarrei.