Pater eta soteko bastoa
Prantxiko Barandiaran, San Martingo Gabrielene etxekoa, Ataun Aiako elizan bikario izan zen, XIX. mende azkenean eta XX.aren hasieran. Pater zaharra esaten zioten. Zakar ...
Prantxiko Barandiaran, San Martingo Gabrielene etxekoa, Ataun Aiako elizan bikario izan zen, XIX. mende azkenean eta XX.aren hasieran. Pater zaharra esaten zioten. Zakar samarra izaeraz, hitz gutxikoa eta lehorra, «harengana ez omen zen inor arrimatzen gauza hutsagatik», kontatu zuen Joan Aierbek, zaharrei entzuna. Gizon ona, baina txantxa gutxi harekin. Jai arratsaldean, aste guztirako Iruñera askotan joaten omen zen, «zaldi gainean kaballero», kaleko arroparekin.
Behin, asteazken batean, Migel Joakin Artza sakristauak Aiatik Billaprankara joan behar zuela eta, halako tokitatik enkargu bat eramateko eskatu zion Paterrek. Konfiantzakoa izan, eta hartu dio sakristauak paperean bildutako sortatxo bat, eta gorde du barruko poltsikoan. Jakin-minak erraiak erre, ordea, eta zabaldu arteko onik ez: diru mordoxka zegoen.
Feria-egunetan Ordiziara joanez gero ohikoa zen bezala, bapo bazkaldu omen zuen Migel Joakinek. Gero, lagunartean musean jokatu ere bai, ardoa pizgarri. Bereak eta Paterrenak, diru guztiak galduta, «motxalduta» geratu zen Migel Joakin.
Okerra, okerrez estali
Sakristauaren kezka eta buru-jana, etxerako bidean! Zer esan behar zion Pater zakarrari? Nola azaldu haren enkarguko diruak denak galdu zituela? Jokoak jan zizkiola? Lapurtu egin zizkiotela?
Egun batzuk izkin eginez ibili zen, Paterrengandik urruti. Jakin ote zuen? Gogoratuko ote zen enkarguarekin? Apaiz zaharra ere antzemanda zegoen sakristauaren absentziarekin. Zer egin ote zuen enkarguarekin? Hartu ote zuen? Isilik, ordea, «gauzak garbituko diren eguna» etorriko zela eta.
Baita etorri ere. Bakoitza bere aldetik isilik eta bere lanean puska batean ibili ondoren, topo egin dute Pater zaharrak eta Migel Joakin sakristauak: «Aspalditxoko batean enkargu bat eman nian ba hiri… Egin al huen edo?», galdetu apaizak.
Okerra gezurrarekin estali nahian erantzun zion Migel Joakinek: «Bai, jauna, egin nion. Baina ikaragarria pasatu zitzaidan egun hartan. Lapurra azaldu Umarkiko zubian, nituenak kendu, berorrentzat nenkarren enkargua ere bai, eta bizkarreko hotzak aterata eta tratu txar asko hartuta hemen nabil geroztik, nire onera ezin etorririk».
Paterrek ordurako xehetasun guztiekin bazekien zer gertatu zen. «Zer giza modu huen, bada, azaldu zitzaian lapur hori? Gizon luzexka, praka-estu bat, makila bizkarrean duela?». Baietz, sakristauak.
Erantzun soil bezain zorrotzarekin jarri zuen bere tokian Paterrek: «Soteko bastoa duk hori. Ez duk traste ona. Neroni ere egin izan ziatzak horrek lanak, behin baino gehiagotan».