Gastrolare solidarioa egingo du lehenengo aldiz Beasaingo Dolarea Hotelak. Bildutako dirua estimulu makina bat erosteko bideratuko du Aspacek
Gastrolare solidarioa egingo dute gaur, Beasaingo Dolarea Hotelean Aspace Gipuzkoarentzako diru bilketa egiteko, eta horrenbestez, gaurko Gastrolarean lortzen den diru guztia Aspace elkarteari emango diote. Lehenengo aldiz egingo den ekimen hori atzo aurkeztu zuten Dolarea Hotelean bertan.
Lourde Etxaniz Goierriko Aspaceren koordinatzailearen iritziz, gaurko ekitaldia «gure artean komunikatzeko eta gizartean normaltasunez eta aniztasunez bizikidetzeko aurrerapauso bat» da. Aspace osatzen dutenentzat «gizartearengandik errespetua eta onartuak izatea oso garrantzitsua» dela nabarmendu du Etxanizek. Dolarea Hoteleko Iban Materen esanetan, «Dolarearen baloreen artean dago gizartearekiko erantzukizuna», eta ekitaldi solidario horrekin balore horiei bide emango diete.
Hiru pintxo desberdin egingo ditu Dolareako sukaldariak 12:00etan hasi eta gauerdiar arte. Ordu horietan, pintxo horiekin ateratzen den dirua Aspaceko kideentzat «estimulu makina bat erosteko erabiliko» dela adierazi zuten.
Pintxoez gain, enkantea egingo da, hainbat kirolari ezagunek emandako materialarekin: hainbat pilotari eta futbol jokalariren kamisetak daude, besteak beste.