Urte zahar egunarekin batera, San Silbestre lasterketa herrikoiak egingo dituzte bihar. Ordiziako lasterketak 40. urtemuga beteko du aurten
Urte bukaera gerturatzearekin batera, hotzari aurre egin, praka motzak jantzi eta korrika egiteko ohitura dute askok. Urtez urte gero eta gehiago zabaltzen ari dira San Silbestre probak. Beteranoenek, Beasaingoak eta Ordiziakoak, 40 urtetik gora dituzte dagoeneko. Baina azken urteetan, hainbat proba sortu dira, dagoeneko finkatzen hasiak direnak. Horietako batzuk dira Lazkakoka, Zegamakoa eta Urretxu-Zumarragakoa. Proba herrikoiak dira San Silbestre probak, lehen postuetako lehiaren gainetik, herritarren parte-hartzea bilatzen dutenak.
BEASAIN
Goierrin egiten diren San Silbestre probetan beteranoena da Beasaingoa. Aurten 43. aldia izango du Beti Bizi elkarteak antolatzen duen lasterketa herrikoiak. Eguerdiko 12:00etan hasiko da lasterketa, baina txipak eta dortsalak hartzeko dituztenek, 10:00etatik 11:30era izango dute horretarako aukera. Guztira 9.350 metroko ibilbidea du eta gehienez, 600 lagunek parte har dezakete. Izena emateko bost euro ordaindu behar da; aurretik eman nahi dutenek, kirolprobak.com edo beasain.net webguneetan egin dezakete. Parte-hartzaileen artean, G2H eta Mari Murumendi probetarako bina dortsal zozkatuko dituzte.
ORDIZIA
Beasaingoaren atzetik, Ordiziakoa da tradizio handieneko proba. Aurten 40. edizioa egingo du Goiz Aterpe elkarteak eta Txindoki Atletismo Taldeak antolatzen duten lasterketa herrikoiak. Proba horren berezitasunetako bat da, goizean jokatu ordea, iluntzean izaten dela. Gaztetxoen mailako probak 17:00etan hasiko dira, eta proba nagusia, 18:00etan. Aurten ordu erdiz aurreratu dute lasterketaren hasiera; hori dela eta, parte-hartzaileei deialdi berezia egin diete, irteerara garaiz agertu daitezen. Ibilbidea urterokoa izango da; 6,2 kilometroko luzeeta du, zirkuitoari hiru itzuli emanez.
LEGORRETA
Legorretakoak ere badu tradizioa. Bilkoin elkarteak antolatzen du urtero eta aurten, 26. edizioa jokatuko dute. Proba 11:00etan hasiko da, eta 3,2 kilometroko ibilbideari itzulika ariko dira herritar gazte eta helduak. Oso lasterketa herrikoia izaten da, eta adin guztietako herritarrek parte hartzen dute bertan, haur, gazte eta helduek.
URRETXU-ZUMARRAGA
Goierri garaian duela gutxira arte ez da San Silbestre proben tradiziorik egon, baina iaz antolatu zuten aurrenekoz, eta herritarrek egindako harrera ikusita, aurten ere hitzordua jarri dute. Urola Triatloi Klubak eta Argixaoko Atletak taldeak elkarlanean antolatzen dute, eta bikotekako kros mistoa da, nahiz eta nahi duenak, banaka parte hartzeko aukera ere izango duen. Lasterketa 16:30ean hasiko da, eta bost kilometroko ibilbidea antolatu dute bi herrietan barrena. Irteera eta helmuga, Areizaga-Kalebarren plazan izango dira. Segidan, 17:30ean, sarien zozketa egingo dute. Izena, herrikrosa.eus helbidean eman daiteke.
LAZKAO
Lasterketarik gazteenetako bat den arren, bere bidea egiten ari da Lazkaoko San Silbestre proba, aurten 6. edizioa egingo baitu. Lazkao Xtreme taldeak antolatutako proba bitan banatzen da; 11:30ean, gaztetxoen mailetako probak egingo dituzte, eta 13:00etan helduena. Azken horrek, 5,2 kilometroko ibilbidea du. Izena aurrez emanez gero, doakoa da parte-hartzea; egunean bertan berriz, 10 euro ordaindu beharko da.
ZEGAMA
Aurten bosgarren edizioa beteko du Elkartu Nahi taldeak antolatzen duen Zegamako San Silbestre probak. Zegama-Aizkorri mendi lasterketareko dortsalak jokoan izateak, inguruetako korrikalari askoren jomugan jarri du, eta azken urteetan, eguna baino lehen bete izan da 300 parte-hartzaileko gehieneko kopurua. Ibilbideak 5,2 kilometroko luzeera du, eta arratsaldez egingo dute, 17:30ean hasita.
ZALDIBIA
Beste herri batzuetako lasterketa eta lehia izaeratik kanpo, erabat herrikoia den lasterketa antolatzen du Zaldibiako Gazte Asanbladak. Aurrena, haur eta gaztetxoentzako proba egingo dute, 17:00etan, eta 17:30ean, helduena izango dute. Lau kilometroko ibilbidea prestatu dute herrian barrena. Parte hartzeko, Joxepanen eman behar da izena.
Urte zaharrean mendira joatea, Goierrin zabalduta dagoen ohitura
Urte zaharreko irudia iaz, Aizkorrin.
San Silbestre probez gain, bada kirola eginez urte zaharra agurtzeko beste modu bat: mendira joatea. Goierrin oso zabalduta dagoen ohitura da, eta jende asko joaten da urtero, taldean nahiz bere kabuz, inguruko mendi eta gailurretara, lagun artean hamaiketakoa egin eta xanpainarekin topa egitera.
Txindoki eta Aizkorri mendiak dira tradiziorik handienekoak, urte zahar zein urte berri egunetan. Baina ez dira bakarrak. Urretxun eta Zumarragan, Irimo, Beloki eta Izazpira igotzeko ohitura dago; Legazpiarrak, Korosti aldera joaten dira; eta Seguran, haur eta gurasoek Santa Barbarara egiten dute irteera.
Korrika nahiz oinez, urte zaharra osasunarekin agurtu eta berriari beste horrenbeste eskatzeko modua da.