«Zelai Ariztin gure filmaren kartela ikusteak ilusio handia egiten dit»
Jon Plazaola (Urretxu, 1981) aktoreak bolada ona bizi du. Behin ere ez zaio lanik falta izan, baina Allí abajo telesailak oso ...
Jon Plazaola (Urretxu, 1981) aktoreak bolada ona bizi du. Behin ere ez zaio lanik falta izan, baina Allí abajo telesailak oso ezagun egin du eta abenduan bere lehen pelikula estreinatu da: Villaviciosa de al lado. Filma hori urtarrilean emango dute Zumarragan.
Zer diozu ‘Villaviciosa de al lado’ pelikulaz’?
Udaberrian grabatu genuen, hainbat tokitan: Graus, Alhama de Aragon, Palentzia, Leon eta Madrilen, besteak beste. Istorioari dagokionez, herri txiki batean bainuetxea da atrakzio nagusia, baina istripu batengatik ixteko zorian dago. Bisitariak galduko dituzten beldur dira. Halako batean, loteria tokatzen da. Baina putetxean. Eta, noski, inor ez da kobratzera joatera ausartzen.
Zer diozu zure pertsonaiaz?
Leo Harlemek herriko alkatearen rola du eta ni bere semea naiz. Ez ditut aitaren pausoak jarraitu nahi: sarrailagilea eta zineklubaren arduraduna naiz. Baina nire neska-laguna diputazioko presidentearen alaba da eta herria mehatxatuta ikusten dutenean nigan jartzen dituzte itxaropen guztiak: ezkontzen banaiz, presidenteak bainuetxea irekitzeko dirua jartzea espero dute. Nik, ordea, zalantzak ditut. Herrian harrapatutako mutil abeslari bat naiz eta beharbada beste zer edo zer egin nahiko nuke. Zinemagintza ikasi, adibidez. Herrira iritsiko den neska batek begiak irekiko dizkit.
Urteko ekoizpen garrantzitsuenetakoa da, Espainia mailan.
Komedia generoari dagokionez bai. Ez nekien zeintzuk izango ziren nire lankideak probak egitera joan nintzenean. Lehenengo probak Macarena Garciarekin egin nituen eta oso ondo moldatu ginen elkarrekin. Ondoren, Leo Harlemekin aritu nintzen. Ohorea izan zen, asko miresten baitut. Pelikulan parte hartuko nuela esan zidatenean, sekulako poza hartu nuen. Talde polita osatu dugu eta filmazioa izugarria izan da. Denek hori esan dute: gutxitan tokatu zaiela halako errodatze bikaina. Ea giro on hori pelikulan islatzea lortu dugun. Lortu badugu, pelikularen arma nagusietako bat izango da. Komedia atsegina da. Zine askotan botako da. Warner Bros da banatzailea, kopia asko egin dituzte eta hori ona da guretzako. Ea jendea erakartzen duen eta gustura gelditzen garen.
«Filmazioko giro ona islatzea lortu badugu,
filmaren arma nagusietako bat izango da»«Pelikulan lan egiten dugunok filmean
tokatzen den zenbakia erosia genuen»
Aktore oso ezagunekin lan egin duzu: Carmen Machi, Leo Harlem, Arturo Valls…
Jende horrekin lan egitea sekulakoa izan da. Afarietan guztiok etengabe tontakeriak esaten ibiltzen ginen eta Bore Wikak zera esan zuen: «Umorearen Globetrotter taldearekin nago». Arrazoi osoa zuen. Oso esperientzia aberasgarria izan da. Une oro asko ikasi dut: teknika, aurpegiak, intonazioa, erreakzioak… Denak gauzak ondo egiteko gogoarekin joan ziren eta bilkura magikoa izan da. Zuzendariak ere aspaldian ez duela horren ondo pasa esan du. Filman lan egin dugun guztiok filmean tokatzen den loteria zenbakia erosia genuen.
Anekdota ugari izango dituzue.
Pila bat. Oso esperientzia bizia izan da. Herri txikietan lan egin dugu eta herritarrekin sekulako harremana egin dugu. Hori bai, sekulako kolpeak hartu ditut. Akzio pelikula batean espezialista lana egiteko moduan nago. Tren batera salto egin nuen, adibidez. Espinillan marka bat gelditu zait, betirako.
Zumarragan urtarrilean botako dute. Emanaldira etortzeko asmoa al duzu?
Zelai Arizti aretoan oso une onak bizi izan ditut eta bertan gure pelikularen kartela ikusteak sekulako ilusioa egiten dit. Sevillan nago lanean, baina eskatzen badidate, joaten saiatuko naiz, noski. Herritar guztiak pelikula ikustera joatera eta animatu nahi ditut.
Zer gehiagotan zabiltza?
Oraingoz, Alli abajo telesailean bakarrik. Duela gutxi film labur bat grabatu genuen eta jaialdietara bidali dugu. Bestalde, bakarrizketak ere egiten ditut. Urtarrilaren 7an Lizarran egongo naiz, Salva Reina eta Gorka Aginagalderekin, eta otsailean Bartzelonan eta Madrilen.
‘Alli abajo’ telesailaren hirugarren denboraldia grabatzen ari zarete.
Sevillan etxean bezala sentitzen naiz dagoeneko. Txoko guztiak ezagutzen ditut jada. Elizetan ez gara oso ezagunak, baina tabernetan bai. Euskaldun guztiok elkarrekin ibiltzen gara. Gainera, denboraldi honetan euskal aktore berriak etorri dira: Elena Irureta, Gorka Otxoa eta Nerea Garmendia. Hiruen pertsonaiek zeresan handia emango dute. Gidoi aldetik, hirugarren denboraldi hau onena iruditzen zait. Pertsonaia askok pauso bat eman dute eta, hala, istorio guztiak ez dira Carmen eta Iñakiri buruzkoak. Horrek telesaila aberastuko duela uste dut: egoera barregarri gehiago egongo dira eta jende gehiago erakarriko du. Denboraldi berria urtarrilean hasiko dela uste dut.
«Espezialista lana egiteko moduan nago:
tren batera salto egin nuen, adibidez»«Denetik egin nahi dut, baina ez dut presarik:
nagoen tokian egotea pribilegio bat da»
Sevilla oso ondo ezagutzen duzula esan duzu. Zer gomendatuko zenieke bertara doazen euskaldunei?
Sevilla hiri zoragarria da. Paseatzeko bikaina. Estatuko erakargarriena, Donostiarekin batera. Dagoeneko txoko kuttun bat dut: Antigua Abaceria de San Lorenzo jatetxea. Urretxu eta Zumarraga erdia bertara eraman dut jada. Txoko pila bat ditu, solairu asko. Azken solairuan mahai bakarra du, adibidez. Jatetxe horretako txoko guztietan afaldu dudala uste dut. Oso toki pintoreskoa da. Triana eta alde zaharra ere oso ondo daude.
Andaluziarrak ez dira gu bezain lotsatiak. Kalean ibiltzen uzten al dizute?
Jendea hurbiltzea oso pozgarria da. Denak oso modu onean gerturatzen zaizkit, gure telesaila oso atsegina baita. Euskal Herrian jendeari gehiago kostatzen zaio hurbiltzea. Hemen, ordea, beste puntatik builaka hasten zaizkizu. Halakoak dira. Jainkoak diskrezioa banatu zuenean, hemen ez zuen asko utzi! Beraien xarma da.
Etorkizunerako zein asmo dituzu?
Denetik egin nahi dut, baina ez dut presarik: nagoen tokian egotea pribilegio bat da. Arduragabekeria izango litzateke honetan ez kontzentratzea beste zer edo zer egiteko. Hau bukatzen denean, beste zer edo zer sortzen ez bada, badut gauzak egiteko ahalmena. Gainera lehen baino jende gehiago ezagutzen dut.