Bi hilabete daramatza Carlos Valverde segoviarrak (1982) Segurako notario lanetan. Buru belarri ari da euskara ikasi eta kultura ezagutu nahian, herritarrengana hurbiltzeko.
Carlos Valverde, Segurako notario berria.
Zein izan da zure orain arteko ibilbidea?
Bi karrera ikasi ditut: zuzenbidea eta zientzia politikoak. Madrilen egin ditut ikasketak. Gero, oposizioak egitea erabaki nuen. Jabegoaren erregistrorako plaza ateratzeko ikasten ari nintzen, eta nire prestatzaileak gomendatu zidan notariotza oposaketetara aurkezteko. Izan ere, ikasten diren edukiak oso antzekoak dira. Probatu egin nuen, eta plaza ateratzea lortu nuen. Nire gurasoen aholkularitza bulegoan ere aritu izan naiz lanean, opor garaietan.
Eta nolatan amaitu duzu Seguran?
Nire neskalaguna kataluniarra da, eta apur bat nora jo ez genekiela geunden. Oposizioetara aurkeztu eta plaza lortu nuenean, nire prestatzaileak Euskal Herrira etortzeko gomendatu zidan. Izan ere, bera Zumaian hasi zen. Leku egokia da hasteko. Hiri handietan beste egoera batzuk ematen dira, eta hobe da horrelako herri batean hastea, lana kontrolpean eduki ahal izateko eta kasu bakoitzari behar duen arreta eman ahal izateko.
Zein inpresio egin zizun Segurak?
Udan etorri nintzen ikustera, neskarekin, eta asko harritu ninduten eraikinek. 1.500 biztanleko herri bat da eta palazioak daude! Txundituta geratu nintzen. Eraikinek badute Segoviakoen kutsu bat. Bestalde, Aizkorrik ere Segovia gogorazten dit, han Guadarrama Mendilerroa daukagu alboan.
Gustura zaude egindako aukerarekin?
Oso gustura nago, aholku ona eman zidan prestatzaileak. Donostian bizi naiz, eta oso erraz moldatzeko moduko hiria da. Hemengo jendearekin ere ondo moldatzen ari naiz. Konturatu naiz jator hitz eginez gero, euskaldunek ongi hartzen zaituztela. Ez da egia hotzak direla.
Hortaz, herrian integratzen ari zara gutxika.
Bai, saiatzen ari naiz. Adibidez, esan zidaten Ondarreko gazta probatu beharra neukala, eta herriko harategira joan nintzen erostera. Kafea hartzera berriz, egunero taberna ezberdin batera joaten naiz, denak ezagutzeko. Astearteetan Ormaiztegin ematen dut zerbitzua, udalak uzten didan lokal batean, eta han berdin egiten dut: egun bakoitzean taberna batera joaten naiz. San Andres jaietan ere izan nintzen, eta odolki pintxoa probatu nuen; oso ona zegoen. Eta gutxika horrela kultura ere ezagutzen ari naiz. Adibidez, enteratu naiz Ormaiztegiko eta Beasaingo odolkien artean pike handia dutela. Garrantzitsua iruditzen zait kultura ezagutzea.
Euskara ikasten ere ari zara.
Bai, bi hilabete daramatzat, eta ari gara poliki-poliki. Euskara irakasten digute, baina kultura ere bai, eta hori oso ondo dago. Oraindik oso gutxi dakit, baina saiatzen naiz euskaraz dakidan guzti-guztia erabiltzen. Adibidez, ebakia beti euskaraz eskatzen dut, eta dagoeneko konturatu naiz Goierrin ez dela ebakia, ebakie baizik. Nik uste dut errespetuzkoa dela hona etorriz gero euskaraz ikastea. Nire neska kataluniarra denez, orain hiru hizkuntza nahasten zaizkit. Hasieran ez nuen ezertxo ere ulertzen euskaraz, baina orain ari naiz gauza batzuk harrapatzen. Adibidez, Berri Txarrak taldea lehendik ezagutzen nuen, eta orain gai naiz letra batzuk ulertzeko.
Nolatan egokitzen zaio Segurari notario bat, hain txikia izanda?
Garai batean Gipuzkoako hiririk garrantzitsuenetakoa zen, hamabi eskribau eta guzti zituen. Garai haietatik mantentzen da notariotza Seguran, eta inguruko herri guztiei ematen die zerbitzua: Zegama, Zerain, Mutiloa, Ormaiztegi, Gabiria, Ezkio eta Itsaso. Garrantzitsua da Segurako notariotza mantentzea, inguruko herritarrek Beasaineraino edo joan beharrik ez izateko tramiteak egitera.
Azken urteetan ez da notario titularrik egon Seguran.
Lau urte eta erdiz ez da notariorik izan. Hori dela eta, garrantzitsua da orain herritarrei jakinaraztea notariotza berriro martxan dagoela, eta haien zerbitzura gaudela. Eta zein zerbitzu eskaintzen da notaritzan? Herritarrek argi izan behar dute, notaritza, ezer baino lehen, informazio gune bat dela. Herritarrek beren kontsultak egin ditzakete. Agian guk ezingo dugu beren arazoa konpondu, baina nora jo dezaketen esan diezaiekegu, edo zein pauso jarraitu. Lehengo funtzioa horixe da. Bestetik, betikoa: herentzien, hipoteken, salerosketen… eskriturak egiten ditugu. Bestalde, orain ezkontzak eta dibortzioak ere kudeatzen ditugu. Datorren ur-tean, berriz, abokaturen batekin batera hitzaldiak eman nahi ditut, herentziaren lege berriak zein berritasun dituen azaltzeko.
Funtzionarioak izan arren, autonomoak zarete. Nola da hori?
Estatuak plaza bat ematen digu, eta prezio batzuk ezarri. Baina gero gure ardura da langileak, lokala, argia… ordaintzea. Estatuak ez digu soldata ordaintzen. Funtzionarioa izan arren, autonomoa naiz.
Seguran noiz arte geratzeko asmoa duzu?
Auskalo. Faktore askoren araberakoa da hori. Dena den, oraingoz gustura nago eta denboraldi luze samar baterako behintzat geratu nahi nuke. Oraindik ez dit astirik eman inguruko mendi ibilbideak ezagutzeko, eta niri asko gustatzen zait mendian ibiltzea. Urte Zahar egunean Aizkorrira igotzen direla esan didate, harrigarria da. Arantzazu ere ez dut ezagutzen oraindik. Eta sagardotegi denboraldia ere ezagutu nahi dut!
Hortaz, baduzu Euskal Herria ezagutzeko gogoa.
Noski! Gainera, notario lanerako ere ezinbestekoa da lekuko kultura eta ingurunea ezagutzea. Adibidez, baserriak. Nik hona etorri arte ez nuen inoiz baserri bat ikusi, eta ez nuen ulertzen nola zitekeen baserria eta lurrak aparte egotea. Orain bai, bertara joan naizelako.