Oporrak ez dira bakarrik alferkerian ibiltzeko egunak. Ormaiztegiko Zumalakarregi museoak ikasteko aukera ematen duten hainbat tailer antolatu ditu. Etzi, zigiluak egiten erakutsiko dute.
Taloak nola egin irakatsi zien txikiei Tere Gartziak belaunaldien arteko tailerrean. Argazkia: Zumalakarregi Museoa.
Taloak, txokolatea, zigiluak… Haurrek ez dute aspertzeko betarik izan 2016 urteko azkeneko astean Ormaiztegiko Zumalakarregi museoan, eta 2017ko lehen asterako ere badute proposamen bat. Azken urteetan bezala, aurten ere haurrei propio zuzendutako egitaraua antolatu du museoak, Gabonetako oporrak baliatuz.
Joan den astean abiatu zen egitaraua, belaunaldien arteko talo tailerrarekin. Tere Gartzia izan zuten haurrek irakasle Basotxulo elkarteko sukaldean. Sukalde kontuak izan ziren nagusi, baita ere, asteko bigarren tailerrean, txokolatearen eskutik hain zuzen. Tomas Zumalakarregi txokolatezalearen urtebetetze egunean bertan, abenduaren 29an, txokolate tailerra egin zuten Gorrotxategiko maisu artisauen materialarekin.
Zigiluak ezagutuz
Urtea gozo-gozo amaitu eta gero, hitzordu bat dago aste honetarako. Etzi, osteguna, 6 eta 12 urte bitarteko umeentzako Marka utziz izenburuko tailerra emango da. Zigiluak ezagutu eta egiteko tailerra izango da.
Zumalakarregi museotik adierazi dutenez, zigilu tailer honen helburua «zigiluen esanahia ulertzea eta aztertzea da. Horretarako, komunikazio sistema ezberdinak aztertuko dira XIX. mendean eskutitzetan erabiltzen ziren zigiluetara iritsi arte. Parte hartzaileek beraien marka pertsonala eramango duen zigilua sortuko dute».
Zigiluen tailerra 6 eta 12 urte bitarteko haurrei dago zuzenduta eta 11:00etatik 13:00etara egingo da museoan bertan. Aurrez izena eman behar da.