Bederatzi herritan Hiru Erregeen etorrerak ospatuko dituzte, bihar. Goizean haurrekin egon eta adinekoak bisitatuko dituzte; ilundu orduko, zamalkadak eta desfile argitsuak egingo dituzte.

Urtarrilaren 5a, Errege bezpera ospatuko dute bihar Goierriko herri askotan. Bederatzi tokitan egingo dituzte Hiru Erregeen etorrerak, desfileak eta zamalkadak. Umeen gutunak jaso, gozokiak eman eta ilusioa zabalduko dute, ohitura den eran.
Zumarragan Antiotik jaitsiko dira erregeak eta laguntzaileak. Mertzedarietara 19:30ean iritsi, eta Zelai Arizti pilotalekuan Herodesen gazteluan gertatutakoa antzeztuko dute. Ohiko bidea hasiko dute gero: Iparragirre, Legazpi kalea eta Euskadi plaza.
Jaiotza udaletxeko arkupeetan egongo da. Erregeek Jesus haurra gurtu, eta
Adeste Fideles joko dute Zumarragako Musika Bandak eta Antzinako Ama txistulari taldeak. Zamalkada La Amistad, Zumardi, Arkaitzeta, Zaldiberri eta La Salle elkarteek antolatzen dute, udalarekin.
Legazpin desfilea Bikuña kiroldegi paretik hasiko da. Korosti dantza taldeak antolatu du, eta bidean bi geldiune egingo dituzte, dantzatzeko: Laubide kalean eta Euskal Herria plazan. Bukaeran, erregeek azken eskaintza egingo dute jaiotzan, eta udaletxeko balkoitik pregoia irakurriko dute, umeei gutuna hartuta.
Ormaiztegin, 14:00etan heraldoa edo mezu zabaltzea egingo dute. 18:00etan abiatuko dira, Mendizabal gainetik. Plazan kokatutako estalpera joan, haurrekin egon, eta eskariak jasota Gabiriarako bidea hartuko dute.
Beasainen 60. aldia
Beasainen 60. aldiz ospatuko dute Erregeen etorrera. Lehenengoa 1958an izan zen. Zenbait jantzi berritu dituzte; gaur egungoak 1993an estreinatu zituzten, eta hondatuta zeuden. Erregeen trajeak Beasaingo jostun tailer batek egin ditu, eta laguntzaileena Karitasek iaz sortutako josketa-tailerreko partaideek.
Txilibutxof aisialdi taldeak antolatu du. Gaur 11:00etan dute bilera orokorra. Zortzi talde irtengo dira: Txilibutxof, Herriak Elkarlanean, Goizeresi txistulariak, Loinatz eskolako trikitilariak, Musika Banda, Koskola txaranga, Kantujira eta Irratizaleak.
Karrozak gazteek prestatu dituzte, Arana kaleko bonbaleku zaharrean. Ehun zuzi-eramaile ibiliko dira. Igartzatik abiatu, eta Nafarroa etorbidetik eta Kale Nagusitik plazara iritsiko dira.
Erregeak Beasainen abestia kantatuko dute han kantu-jirakoek.
Lazkaon, Zegaman, Idiazabalen, Olaberrian eta Ordizian ere egingo dituzte Errege desfileak.
Egitarauak
- Beasain: 10:30. Erregeen bisita Arangoiti zahar egoitzara. 12:00. Haurren gutun bilketa, Loinazko San Martin plazan. 18:15. Erregeen zamalkada, Igartzako jauregitik abiatuta. 19:15. Harrera, plazan.
- Idiazabal: 18:00. Erregeen zamalkada, Guraso Elkarteak antolatuta.
- Lazkao: 11:00. Erregeen bisita, Txindoki zahar egoitzara. 18:30. Zamalkada, San Prudentziotik Lazkao Txiki Zelaira.
- Legazpi: 18:00. Zamalkada, Bikuñatik abiatu. Euskal Herria plazan jaiotza, eskaintza eta pregoia. Opariak banatzeko: 16:30-17:30 bitartean kiroldegira eraman.
- Olaberria: 17:30. Erregeen zamalkada. Opari bilketa: 14:30-16:00 bitartean, Ihurreko behebarruetan.
- Ordizia: 18:30. Erregeen zamalkada, Bustuntza auzotik Plaza Nagusira. Elizako Katekesiak antolatuta. ormaiztegi 14:00. Erregeen heraldoa. 18:00. Erregeen zamalkada, Mendizabaldik plazara.
- Zegama: 18:00. Zamalkada, Olaran auzotik. Musika eskolak antolatuta.
- Zumarraga: 19:00. Erregeen irteera, Antion. 19:30. Mertzedarietara iritsi, eta Zelai Ariztin antzezpena. 20:00. Desfilea herrian zehar.