Antonio Pradak liburua idatzi du Zumarragako erroldetako datuekin
Antonio Prada Zumarragako Udaleko agirizainak Zumarragarrak. Gure identitatearen bila biztanle-erroldetan zehar (1877-2015) liburua aurkeztu zuen atzo Zelai Arizti kultur etxean. Jende asko elkartu zen eta aretoa txiki gelditu zen. Liburuan,
Antonio Prada Zumarragako Udaleko agirizainak Zumarragarrak. Gure identitatearen bila biztanle-erroldetan zehar (1877-2015) liburua aurkeztu zuen atzo Zelai Arizti kultur etxean. Jende asko elkartu zen eta aretoa txiki gelditu zen. Liburuan, erroldak oinarri hartuta, herriaren bilakaera aztertu du: biztanle kopuruarena, etxebizitza eta kale kopuruarena, genero eta adinarena, biztanleen egoera zibilarena, lan-jarduerena, herritarren jatorriarena, prestakuntza akademikoarena eta euskararena. Liburua Aresti eta Graficas Legazpi liburu-dendetan, Pako Vierbücherren argazki-dendan eta kultur etxean eskura daiteke, 10 eurotan.
Azken 150 urteetan herria asko aldatu da. 1877 inguruan hasi ziren, adibidez, etxeei zenbakiak jartzen. Ordura arte, beraien izenagatik ezagutzen zituzten. Hala, lehen erroldetan, kale zaharretako etxeek ez dute zenbakirik eta kale berrietakoek bai. «XIX. mendera arte, Zumarraga kale bakarreko herria zen. Trenbidea iristearekin bat, herria zabaldu egin zen eta etxeei zenbakiak jartzen hasi ziren».
Populazioari dagokionez, garai batean biztanleriaren batez besteko adina egun baino askoz ere txikiagoa zen: egun gizonezkoena 44 urtekoa da eta emakumezkoena 47koa eta 1877an ez zen 30 urtera heltzen. Horrek populazioa asko zahartu dela esan nahi du.
Pradari deigarria iruditu zaion daturen bat eskatu eta emakume baserritarren batez besteko adina oso baxua zela aipatu du. «Kaleko eta baserrietako gizonezkoen artean ez zegoen alderik, baina baserrietako emakumeen batez besteko adina kaleko emakumeena baino hiru urte txikiagoa zen. Zergatik? Baserrietan jende asko behar zuten etxea aurrera ateratzeko eta emakumeek erditze asko izaten zituzten. Gainera, baserrietako osasun eta garbitasun baldintzak kalekoak baino okerragoak ziren. Hala, emakume asko erditzean edo erditu ondorengo egunetan hiltzen ziren».
Bestalde, egun ez bezala, garai hartan emakumezkoen bizi esperantza gizonezkoena baino txikiagoa zen. «Gizonezko zaharrenek 85-89 urte zituzten eta emakumezko zaharrenek 80-84. Egun, berriz, emakumezko zaharrenek 100-104 urte dituzte eta gizonezko zaharrenek 95-99. Emakumezkoen bizi baldintzak hobetu direlako gertatu da hori». Liburuan halako ehunka datu jaso ditu.