Maialen Akizu: “Xenpelar sariko bertso saioa denbora luzean gogoratuko dut”
Maialen Akizu (Urretxu, 1996) bertsolariak Xenpelar saria irabazi du. Soziologia ikasten ari da Leioan eta Oiartzungo bertso eskolakoekin aritzen da bertsotan. Zeintzuk dira orain arte txapelketetan lortu dituzun emaitza onenak?
Maialen Akizu (Urretxu, 1996) bertsolariak Xenpelar saria irabazi du. Soziologia ikasten ari da Leioan eta Oiartzungo bertso eskolakoekin aritzen da bertsotan.
Zeintzuk dira orain arte txapelketetan lortu dituzun emaitza onenak?
Duela urte batzuk Mikel Laboa sariketa irabazi nuen. Horretaz gain, Lizardi eta Osinalde sariketetako finaletan parte hartu dut. Orain, berriz, Xenpelar saria irabazi dut.
Erdi gabiriarra izanik, Osinalde sariketa irabazteak ilusio berezia egingo dizu.
Bai, baina etxekoa izatea presio handia da. Gainera, Xenpelar irabazteko gogo bizia nuen. Izan ere, azkenaldian Oiartzungo bertso eskolakoekin elkartzen ari naiz.
Nolatan?
Urretxu-Zumarragako bertso eskolako asko kanpoan ikasten ari gara, Gabirikoan ere ibili naiz, Bilbon ere bai… Oiartzungoek beraiekin bertso musikatuak abestea eskaini zidaten eta baiezkoa eman nien. Denetik egiteko adinean nago.
Xenpelar sariketan asko gozatu al zenuen?
Bai. Duela bi urte ere parte hartu nuen, baina saioa luzea egin zitzaidan. Aurten, ordea, saio ona atera zait eta gozatu egin dut. Sekulako poza izan da.
Txapela ahizpari eskaini zenion.
Saioen aurretik urduri jartzen zara eta etxekoak dira hori guztia bizi dutenak. Leire ere bertsotan ibili zen eta laguntza handia eskaintzen dit.
Zeintzuk dira zure asmoak 2017rako?
Segi eta segi. Buruari eragin. Bertsotan egiteko gogoarekin nabaritzen dut nire burua.
Txapelketetan parte hartzeko asmoa al duzu?
Gipuzkoako txapelketa lau urtean behin izaten da eta azken txapelketan ez nintzen batere ondo aritu. Hori dela eta, ez dut aurtengo Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusian parte hartzeko aukerarik. Gipuzkoako txapelketa batetik hurrengora doazen 4 urteak luzeak egiten dira.
Saio asko al dituzu?
Boladak egoten dira, bertsolari asko baikaude. Egia esan, iaz inoiz baino saio gehiago izan nituen. Azken saioa Usurbilen eduki nuen, Kalera Kaleran, Idiazabalen ere abestu nuen, Zumaiako gazteen saioan ere bai…
Oiartzungo eskolara joateak Oarsoaldean ezagun egiten lagunduko zaitu.
Hala da. Gainera, Bilbon ikasten dudanez, han ere abestu dut.
Zer nolako bertsolaria zara?
Gaien ertzak bilatzea gustatzen zait. Ez zait potolokerietan erortzea gustatzen, dagoeneko ia dena esanda baitago. Bestalde, pertsonaia errealen tokian jartzea ere gustatzen zait.
Zer edo zertan hobetu beharra ikusten al duzu?
Gauza askotan… Batzuetan kosta egiten zait gaiari ondo eustea. Dena esan nahi dut eta azkenean ez dut ezer esaten.
Eta zeintzuk dira zure indarguneak?
Nire ustez, nire ateraldiak lehengoak baino hobeak dira. Bestalde, bidea lehen baino hobeto irekitzen dut. Lehen ez nuen horretan pentsatzen. Egun, nirekin abestu behar duenaren ezaugarrietan pentsatzen dut, entzuleria kontuan hartzen dut…
Gustuko plaza?
Oreretan gustura kantatzen dut, Goierrin ere bai, bertso afariak gustuko ditut, taula gaineko saioak ere bai…
Toki guztietan ondo moldatzen zara, beraz. Zein izan da orain arteko zure saio gogoangarriena?
Xenpelarrekoa denbora luzean gogoratuko dudala uste dut. Oso gustura abestu nuen.
Zein da zure bertsolari kuttuna?
Maialen Lujanbio, Andoni Egaña eta Iker Zubeldia. Hiru horien fusioa lortzea sekulakoa izango litzateke. Maialenen begirada, Ikerren ateraldiak eta Egañaren saioak irakurtzeko gaitasuna hartuko nituzke.
Nork irabaziko du aurtengo Txapelketa Nagusia?
Maialen Lujanbiok, baina sorpresaren bat egongo da. Behar da, gainera. Finalista berriak egongo dira eta buruz burukoan aldaketaren bat egotea ere ez zen harritzekoa izango. Alaia Martin eta Julio Soto finaletik gertu egongo dira.