Euririk egiten ez badu, datorren astean Lareoko ura bidaliko dute Beasain, Ordizia eta Lazkaora. Gabiria, Mutiloa, Ormaiztegi eta Zerain Barrendiolako ura hartzen ari dira

Aurten ere, ohi baino ur gutxiagorekin hasi dute urtea Goierriko hiru urtegiek. Arriarangoa %44an dago, Lareokoa %65ean eta Barrendiolakoa %80an. Hori dela eta, Gipuzkoako Urak neurriak hartzen hasi da. Duela aste batzuetatik hona Gabiria, Mutiloa, Ormaiztegi eta Zerainen Barrendiolako ura kontsumitzen ari dira eta, euririk egiten ez badu, datorren astetik aurrera Lareoko ura bidaliko dute Beasain, Lazkao eta Ordiziara.
Gipuzkoako Urak kontsortzioko kudeatzaileak, Iñigo Elosegi ormaiztegiarrak, egoeraren berri eman dio GOIERRIKO HITZAri. «Aurten ere, batez bestekotik %10-15 azpitik gaude. Garai honetan urtegiak betetzen ari dira eta aurten husten ari dira. Normalean, azaroan hasten dira igotzen eta apirilean uzten diote igotzeari. Baina bai iaz eta bai aurten euria atzeratu egin da».
Dena den, egoera oraindik ez dela larria dio. «Arriaranen bost hilabeterako ura dago, baina euria egiten hasten ez bada, datorren astetik aurrera Beasain, Lazkao eta Ordiziara Lareoko ura bidaliko dugu. Izan ere, Lareo ataundarrek bakarrik erabiltzen dute eta bertako ura gainontzeko herrietara bidalita Arriaranen autonomia bikoiztea lortzen dugu».
Goierri beheko beste herri batzuk Arriarangoa ez den ura jasotzen ari dira jada. «Duela aste batzuetatik hona, Gabiria, Mutiloa, Ormaiztegi eta Zerain Barrendiolako ura hartzen ari dira».
Arriarango urtegia izaten da alerta egoeran sartzen lehena. «Bi arrazoi daude. Alde batetik, Arriaran gainean Gipuzkoako beste edozein tokitan baino euri gutxiago egiten du. Arriaranen urtean 1.500 litro botatzen ditu eta Añarben 2.000. Betetik, Arriaranek edukiera txikia du. Ibaiederrek 11 milioi metro kubiko ditu 70.000 biztanlerentzat eta Arriaranek, berriz, 3 milioi 35.000 biztanlerentzat».
Barrendiolak, ordea, bi abantaila ditu: Aizkorriko elurrak hartzen ditu eta Legazpi, Urretxu eta Zumarragako etxeetan «oso ur gutxi» kontsumitzen dute. «Arriaranen egunero 190 litro behar ditugu biztanleko eta Barrendiolan 160rekin nahikoa da. Goierri garaian ur gabezia pairatu zutenez, herritarrak oso kontzientziatuta daude. Donostian biztanleko 300 litro behar dira egunean».
Dena den, toki guztietan geroz eta ur gutxiago kontsumitzen da. «Azken 20 urteetan batez besteko kontsumoa 350 litrotik 200 litrora jaitsi da. Familiak eta enpresak kontzientziatu egin dira eta, gainera, etxetresna elektrikoek lehen baino askoz ere ur gutxiago kontsumitzen dute. Duela 20 urte bezainbeste kontsumituko bagenu, dagoeneko ur mozketak egongo lirateke eta urtegi berriak eraikitzeaz hitz egiten egongo ginateke».
Kontsumoa jaistea oso garrantzitsua da, urtegietara geroz eta ur gutxiago heltzen baita. «Gipuzkoan euri asko egiten duela esaten dugu beti, baina gauzak aldatzen ari dira. Lehen bezainbeste euri egiten du, baina banaketa aldatu egin da. Lehen ia urte osoan zehar egiten zuen euria eta iaz, adibidez, otsailean, martxoan eta azaroko aste batean bota zuen ia guztia. Eta lurra oso lehor badago, ur asko behar du eta urtegietara gutxiago heltzen da. Denontzat askoz hobea da euria urte osoan zehar banatzea».