Emakumezkoen errugbiari bultzada
Ordiziako emakumezkoen errugbi taldea martxan da dagoeneko. Lagunarteko hainbat partida jokatu eta gero, asteburuan hasiko dira Euskal Ligan jokatzen.
“Bultz Ordizia!”, oihukatzen dute Altamira estadioan biltzen diren errugbi zaleek. Kirol horretan Gipuzkoa mailan tradizio handiena duten herrietako bat da. Ohorezko mailako taldeaz gain, kategoria guztietan dituzte taldeak, baina azken urteetan bazuten arantza bat sartua: nesken taldea falta zuten. Aurten, bultzada eman diote proiektuari, eta erantzuna ona izan da. Dagoeneko osatu dute taldea eta gogor ari dira entrenatzen; asteburuan hasiko den Euskal Ligako bigarren itzulian jokatzen hasteko prest daude. Gernika hartuko dute etxean, estraineko partida ofizialean.
Mugimendu handiko hilabeteak izan dira azkenak. Irailean hasi ziren emakumezkoen taldea martxan jartzeko ideiarekin bueltaka, eta hiru hilabetean taldea osatzeko adina jokalari izatea lortu dute. Hala azaldu du Agustin Ortiz entrenatzaileak: “Interesa zuten pare bat neskarekin hasi ginen mezua zabaltzen, ahoz aho; taldekideak xaxatzen, beraien neska-lagunak, arrebak edo ezagun guztiak ekar zitzaten, eta horrela, pixkanaka, sei laguneko taldetxoa osatu zen; une honetan, 23 gara”. Ortiz Argentinan jaioa da, baina Euskal Herrian eta Espainian aritu izan da errugbian, eta badu esperientziarik emakumezkoen taldeekin, Ipar Euskal Herrian eta Santanderren (Espainia) ere antzeko prozesua bizi izan baitzuen. “Klubak bere buruari jarri zion erronka bat zen, eta proposatu zidatenean oso gustura hartu nuen”.
Ordizia Rugby Elkarteak emakumezkoen taldea izan zuen 1980ko hamarkadan, baina harrezkero ez da halako mugimendurik sortu. Lehendik ere emakumezkoen taldea sortzeko ahalegin ugari izan dira, baina ez dute fruiturik eman. Aurtengoak, ordea, beste indar bat hartu du, eta, kluba ez ezik, jokalariak ere buru-belarri sartu dira proiektuan.
Jokalariak, gogotsu
Indarrez eta ilusioz beteta ari dira entrenatzen Ordiziako emakumezkoen taldea osatuko duten jokalariak. Horietako gehienak beste kirol batzuetatik datoz, eta gertukoren bat jokatzen ikusteak piztu die arreta. Libe Erbina, esaterako, 2016ko Olinpiar Jokoetan izan den Amaia Erbina jokalariaren ahizpa da. Txikitatik eta etxetik jaso izan du errugbirako afizioa, nahiz eta bera orain arte saskibaloian aritu izan den. “Beti ikusi izan ditut familian ahizpa eta anaia jokatzen, baina iaz arte ez nintzen behin ere animatu. Seven taldearekin hasi nintzen proba egiten, eta asko gustatu zitzaidan”. Harmailetatik edo telebistan ikusten dena eta zelaian ikusten dena “erabat ezberdina” dela azaldu du. “Nire ustez, kirolik osoena da: fisikoa behar da, indarra, abilezia, joko eta estrategia aldetik azkarra izan behar duzu… beste kirolek ere badituzte antzeko ezaugarriak, baina errugbiak beste puntu bat du”.
Beatriz Odriozola azpeitiarra da. Bere mutil-lagunak errugbian jokatzen du Ordizian, eta haren bidez hasi zen jokoa ezagutzen. “Berarekin hasi nintzenean ez nekien errugbia zer zen; berari jarraitzen hasi nintzen heinean gustatzen hasi zitzaidan, eta egin diren saiakeretan beti apuntatu izan naiz, baina ez da atera orain arte”.
“Duela bi urte egin zen taldea ateratzeko beste saiakera bat. Zapi lagun elkartu ginen eta ezinezkoa izan zen”. Janire Herzog (Jokalaria) “Kontaktuko kirola izanda, askok beldurra izan dezakete, baina esan behar da ez dela batere kirol biolentoa” Lide Erbina (Jokalaria)Aurreko saiakeretan ere izena eman duenetako beste bat da Janire Herzog. “Duela bi urte egin zen beste saiakera bat. Zazpi lagun elkartu ginen, eta horrekin ezinezkoa zen taldea osatzea”. Aurten beste ahalegin bat egitekoak zirela jakin bezain pronto eman zuen izena. Errugbi munduan dagoen “giro ona” da gehien erakartzen duena. “Errugbian beti dago errespetu maila bat; nahiz eta zelaian sekulako jipoia eman, hirugarren denboran bi taldeetako jokalariak lagun giroan elkartzen gara, jendea ezagutzen duzu, eta harreman onak egiten dituzu. Eta giro horrek ere erakarri egiten du azkenean”. Taldean bertan ere “oso giro ona” dutela nabarmendu dute hirurek. Erbinaren arabera, denbora gutxi daramate elkarrekin, baina “betidanik” elkar ezagutzen dutela dirudi. Joko aldetik ere, hasiberriak izan arren, itxura ona ematen ari dira. “Entrenamenduak-eta ondo eramaten ditugu; neska asko gaude dagoeneko, eta nabaritzen da joko aldetik esperientzia falta dugula, baina nik uste denbora gutxian lortuko dugula maila onean aritzea”. Bat dator Odriozola ere: “Antzematen da beste talde batzuen aldean hasiberriak garela, eta diferentzia badago. Oraingoz bi partida jokatu ditugu: bat irabazi egin genuen, eta bestean juxtuago ibili ginen, baina aurkariek hiru urte zeramatzaten jokatzen. Neurria hartuko diogu; beldurrik ez dugu behintzat”.
“Antzematen da beste talde batzuen aldean hasiberriak garela. Baina hartuko diogu, beldurrik ez dugu eta”. Beatrik Odriozola (Jokalaria) “Neska kopuru honekin Euskal Ligan jokatzeko moduan gaude. Oso-oso gustura gaude” Agustin Ortiz (entrenatzailea)Errugbia kontaktuko kirola izanik, kolpeen eta ubelduen beldurrak eraginda jende askok atzera egiten duela uste dute. Hala ere, behin probatuta, ez dela horrenbesterako dio Erbinak: “Kontaktuko kirola izanda, askok agian beldurra izan dezakete, baina esan behar da kirol hau ez dela batere biolentoa. Kontaktua badago, baina ez jendeak kanpotik pentsatzen duena bezainbeste”. Horregatik, errugbiarekiko interesa duten neska guztiei entrenamendu saio batera joan eta proba egiteko gomendatu diete. Euskal Liga helburu Orain arte, bost talde ari ziren Emakumezkoen Euskal Liga jokatzen: La Unica Neskak, Escor Gaztedi, Durango Uribe-Zornotza, Hernani eta Avia Eibar. Orain berriz, beste lau batu zaizkie, Orkli Ordizia taldeaz gain, AVK Bera Bera, Gernika RT eta Marzola La Rioja ere ariko dira. Talde berriek, elkarren artean jokatuko dute, bigarren multzo batean. Ortiz entrenatzailearen esanetan, “oraingoz helburua ikastea eta ondo pasatzea” da; lehiakortasunaren gainetik “jokalariei sarbide bat eta heziketa bat” ematea. Hala ere, izena eman duen jende kopurua eta jokalariek duten “konpromisoa” ikusita, lehiaketa ofizialetan hasteko prest ikusten du taldea. “Neska kopuru honekin eta baldintza hauetan, Euskal Ligan jokatzeko moduan egongo gara. Eta hori arrakasta handia da, kontuan izanda abuztu-irail aldean hasi ginela honekin eta orduan 6-7 neskako talde bat izatea genuela buruan. Egia esan, oso-oso gustura gaude”.













