Hiazinto Fernandorena hil da, Lazkaoko ikastolaren sortzaileetakoa
Larunbatean hil zen Hiazinto Fernandorena Setien euskaltzalea eta eragilea, 86 urterekin. Ostegunean eroriko bat izan zuen, eta haren ondorioz zendu da. Bereziki Lazkaon segituan zabaldu zen Don Jaxintoren heriotzaren berria, hala esaten baitzioten han apaiz egon zen urteetan.
Lazkaon ikastola sortzeko berebiziko giltza izan zen Fernandorena (Fernandez abizen erdaldundua euskaratu zuen). 1963an sortu zuten euskarazko ikastegia, San Migel izenekoa, klandestinoki eta bera buru zuen Lazkaoko Elizaren babespean.
San Benito ikastola bihurtu zen geroxeago. 2015ean, Jaxinto, ikastolen lemazain liburua aritaratu zuten Pello Joxe Aranburuk, Iñaki Elortzak, Koro Etxeberriak, Maria Jesus Iartzak eta Xabier Lasak, Fernandorenaren biografiarekin.
Hiazinto Fernandorena 1930eko maiatzaren 29an jaioa zen, Urnietako (Gipuzkoa) Arantzibia baserrian. 18 urterekin apaiz ikasketei ekin zien, Salamancan urtebetez, eta Saturrarango eta Donostiako seminarioetan (1952an estreinatu zuten) gero.
Apaiztuta, 1959an iritsi zen Lazkaora. 1985era arte egon zen. Lazkaoko alfabetatze talde aitzindarian sartu zen, 1962an. Ikastolen mugimendua pizten lan egin zuen, euskararen eta kulturaren alde. 1966an Euskaltzaindian sartu zen. Ampon ere ibili zen lanean, fundizioan.