Ataun Uemako kide izendatuko dute, larunbateko batzarrean
Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak batzar nagusia egingo du larunbatean, Larrabetzun. Bertan, bost kide berri onartuko dituzte, Larrabetzu, Ataun, Errezil, Areatza eta Mendaro. Gaur, bost udal horiek eta agintaldi honetan Ueman sartu diren beste lau udalerrik (tartean Legorreta) agerraldia egin dute, Josu Labaka Uemako lehendakariarekin batera. 2017a “urte garrantzitsua” izango dela nabarmendu dute, “adostasunaren bidetik UEMAk hazten jarraituko duelako batetik, eta arnasguneen aitortza zein babesa lortzeko jorratu beharko diren bideak sendotzeko urtea izango delako bestetik”.
Uemak 25 urte bete ditu, eta larunbatetik aurrera 82 udal izango dira Uemako kide, guztira 240.000 biztanleko lurgune euskalduna osatuz. Josu Labakak adierazi duenez, gainera, “urte berrirako aurreikuspen ederrak ditugu. Beste hainbat herrik erakutsi du Uemako kide izateko gogoa, eta horiekin ere ari gara bilerak egiten, ahalik eta adostasun zabalenarekin har dezaten erabakia, iraunkorra izan dadin”. Ataun, Uemako kide bihurtuko den Goierriko 10. herria da; lehendik Altzaga, Arama, Ezkio-Itsaso (orain Ezkio), Gaintza, Itsasondo, Legorreta, Segura, Zaldibia eta Segura dira mankomunitateko kide.
Bestalde, larunbat honetan Uemaren batzar nagusia egingo dutela jakinarazi dute. Uemako kide diren udaletako ordezkariak bilduko dira Larrabetzuko udaletxean, 12:00etan. Bertan, 2017ko egitasmoa aurkeztuko dute. Josu Labakak gaur nabarmendu duenez, Uema euskalgintzatik sortutako erakunde publikoa den heinean, elkarlanean jarraituko du bidea egiten, “baina baita euskararen aldeko erabaki ausartak eta aurrerakoiak behar bezala hartuz eta bideratuz ere”. Zentzu horretan, 2017a “urte garrantzitsua” izango dela azaldu du. “Adostasunaren bidetik Uemak hazten jarraituko duelako batetik, eta arnasguneen aitortza zein babesa lortzeko jorratu beharko diren bideak sendotzeko urtea izango delako bestetik”.