Ixabel Olano, Beasaingo Ikastolako lehenengo andereñoa hil da
Ixabel Olano, Beasaingo Ikastolako lehenengo andereñoa izan zena hil da gaur, arratsaldeko lehenengo orduan, 91 urte zituela. Olano 1925ean jaio zen, Beasainen. Aiako San Pedro auzoko eskola eta Azkoitiako Madariagan aritu zen irakasle lanetan. Ezkondu eta lau seme-alaba zituela jaso zuen Beasainen sortu nahi zuten ikastolan andereño aritzeko proposamena. 1965ko urtarrilaren 7an, 23 ikaslerekin jarri zuen martxan ikastola. Hogeita bost urtez jardun zuen bertan, harik eta 1990ean erretrioa hartu zuen arte.
Euskararen aldeko konpromiso irmoa erakutsi izan du beti, eta 2015ean, Gure Esku Dagok eta Agirre Lehendakaria Center fundazioak erabakitzeko eskubidearen inguruan antolatu zuten mahai-inguruan ere parte hartu zuen. Urte bereko urrian, Beasaingo Udalaren omenaldia jaso zuen, Ikastolen mugimenduarekin batera.