Sentsibilitate ezberdinetako goierritarrek bat egin dute Sarek larunbaterako deitu duen manifestazioarekin
Goierriko arlo eta sentsibilitate ezberdinetako hainbat lagunek bat egin dute Sare plataformak larunbaterako Bilbon deitu duen manifestazioarekin. Deialdiak ehun eragile sozialen baina gehiagoren babesa jaso du, eta egunotan sustengu gehiago jasotzen ari dira.
Beasaingo plazan egin duten agerraldian, «giza eskubide guztiak» errespetatzeko eskatu dute, baita «preso diren pertsonenak» ere. Bide horretan, «urrunketa politika, larriki gaixorik dauden presoen egoera eta zigorren batuketa eza», eskubide horiek errespetatzen ez direnaren seinale direla diote.
Euskal Herriaren egoera politikoarentzat konponbide bat ere eskatu dute, eta gogorarazi dute «ETAk aldebakartasunetik, bere bortxazko ekinbidea alboratzea erabaki zuenetik bost urte» igaro direla. Horregatik, gizarteari eta agintari politikoei «zauriak ixten lagun gaitzakeen elkarbizitzarantz» pausoak emateko eskatu diete, «konbinbiderantz eta bakerantz aurrera» egiteko.
Euskal presoen kolektiboari «hogeita zortzi urtez urruntze politika» ezarri zaiela gogorarazi dute, eta «euskal jendeartearen gehiengo handi baten borondateari» entzungor egin diola Espainiako Gobernuak, baita senideen sufrimenduari bukaera emateko eskariari ere.
Hori guztia dela eta, larunbatean Bilbon egingo den manifestaziora joateko deia egin diete goierritar guztiei. «Hau guztientzako deialdia da. Giza eskubideen defentsa, giza eskubide guztiena, alderdikerien eta ideologien gainetik dagoela uste dutenentzat». Eguerdiko 12:00etan ekitaldia egingo dute, eta manifestazioa, 17:30ean abiatuko da La Casillatik. Goierriko herri gehienetan antolatu dituzte bertara joateko autobusak.