Juan Kruz Mendizabal // Argazkia: Goiena
Juan Kruz Mendizabal
Kakux elizgizon ormaiztegiarra ustezko sexu abusuengatik zigortu dutela zabaldu zuen atzo Donostiako Elizbarrutiak. 2001ean eta 2005ean, Mendizabal Donostiako Alde Zaharreko San Vicente parrokian apaiz zela, bi mutili «ukitze desegokiak» egin zizkiela «egiaztatu» du gotzaindegiak berak, oharrak dionaren arabera. Mendizabalek berak gertaerak aitortu dituela aipatu du elizbarrutiak, eta Zuzenbide Kanonikoaren Kodeak dakarren zigorra aplikatu diotela.
Auziak erantzukizun zibilak ere izan ditzake, ordea. Izan ere, Fiskaltzak bikario ohiaren auzia ikertuko duela jakinarazi du. Hala, diligentziak abiatuko ditu aurrena, eta ikerketan delitu zantzurik ikusiko balu, haren kontrako salaketa jar lezake.
Elizaren barkamen eskaera
Donostiako elizbarrutiak bidalitako oharrean, «mina eta lotsa» adierazi ditu abusuengatik; «barkamena» eskatu du. Ustezko ukituen biktimei «gertutasuna» agertu die, baita Mendizabali berari ere: «Egindakoengatik bere barruko damua agertu ondoren eta aipatutako erabakia apaiz espirituz onartu ondoren, gertatutakoaren ordainean lagunduz, une honetan prozesu terapeutiko psikologiko eta espirituala egiten ari da».