Itsasondoko garabi enpresako langileak 22 egun daramatzate greba mugagabe partzialean. Manifestazioa egin dute Ordizian «hitzarmen duin baten alde», laugarren aldiz
Itsasondoko Jaso garabi enpresako langileek laugarren manifestazioa egin zuten atzo, Ordizian. 2015. urteko amaiera geroztik enpresa hitzarmenik gabe daude Jaso Itsasondoko langileak. Abenduaren 1ean greba mugagabe partziala hasi zuten «hitzarmen duin baten alde» eta gaurkoa 22. greba eguna da.
Enpresa hitzarmenaren inguruan, enpresa batzordea, beste behin ere, zuzendaritzarengana gerturatu da egoerari irtenbide bat emate aldera. Bilera horretan, «zuzendaritza, langileen eskaeretan ez da sartu», langileen batzordeak adierazitakoaren arabera. Besteak beste, gaixotasun bajak hobetzea eta nominaren homogeneizazioa eskatzen dute. «Beraiek eskaini beharreko guztia, greba hasi aurretik eskani zigutela adierazi» zutela gehitu dute.
Jasoko batzordearen iritziz, «zuzendaritzaren jarrera ulergaitza eta onartezina da».
Hitzarmenaren negoziaketaren bileran beste gai garrantzitsu bat ere landu zela esan du langileen batzordeak. «Enpresak premia handia du Iranerako bi garabi handi ateratzeko eta hauetako bat, Itsasondon greba mugagabe partzialean gaudela ikusirik eta amaitzeko denborarik ematen ez duenez, Palentzian duen beste enpresa batean egiten saiatu» dela salatu du batzordeak.
Abokatuekin egon ondoren, «hori kanpo eskirolajea» dela eta «langileen oinarrizko eskubi-deak hausten» dituela adierazi dute langileek, «ezin baitute gure grebarako eskubidea oztopatu». Garabi hori Itsasondon egiten ez bada, «epaitegietan eta inspekzioan salaketak sartuko» dituztela iragarri dute. Hori ikusirik, «zuzendaritzak bere hitza eman» ondoren, garabia azke-nean «Itsasondon geldituko» dela esan dute. Ondorioz, batzordeak ez du salaketa jarriko.
Lan istripua
Bestalde, aurreko astean, langile bat fabrika barruan darabilten kamioi zahar batekin «istripu larri bat pairatzeko zorian izan» zela adierazi du enpresa batzordeak eta zuzendaritzari «urgentziaz, kamioia prezintatzeko eta segurtasun mahaia deitzeko eskatu» zioten. Zuzendaritzak, «kostata, baina azkenean kamioia erabilpenetik kanpo uztea onartu zuen, baina mobilizazioekin amaitu bitartean, segurtasun mahaia ez zutela deituko esan» zuela gehitu dute.
Jasoko langileek «segurtasuna bermatua izango» dutela eta horretarako «aste honetan inspekziora joko» dutela adierazi dute; hemendik aurrera eta enpresak bere jarrera aldatu bitartean, «inspektoreek segurtasuna bermatuko» dutela erantsi dute.