Aranzadik dio pisten proiektuak "inpaktu gogorra eta atzeraezina" eragingo duela Aralarren
Gipuzkoako Batzar Nagusietako ingurugiro komisioan izan dira gaur Aranzadi zientzia elkarteko kideak, Aralarko pisten proiektuaz hitz egiten. Pako Etxeberriak eta Joantxo Agirrek parte hartu dute bertan, eta proiektuak natur parkean “inpaktu gogorra eta atzeraezina” izango lukeela azaldu dute. Artzainen sektoreari babes osoa eskaini diete, baina azaldu dute pista sare batek ez diela sektoreak dituen oinarrizko arazoiei konponbidea eskainiko.
Aranzadiko kideen ustez, nahiz eta egun lan horiek egiteko “dirua eta aukera teknikoak” egon, “presei ihes” egin behar zaie, eta gogoeta egin hondeamakinak bidali aurretik”. Zientzia elkartekoen ustez “irudimena” erabili behar da “artzainen aktibitate profesionala eta ingurugiroa bateragarri” egiteko. Hala, “inguru naturalek ere beraien eskubideak” dituztela gogorarazi dute, eta parke naturalaren inguruko “gogoeta presarik gabe” egin behar dela, alde eta erakunde guztien iritziak ezagutuz.
Aralar zeharkatuko duen pista sare baten beharra zalantzan jarri dute. Artzain bakoitzak bere txabolara bidea izan dezala konpartitzen duten ideia dela diote, baina diseinatu diren bide zatiek ez dutela helburu hori betetzen eta “ulertezinak” direla. Hondeamakinak sartzea eta ezpondak egitea “ingurumenaren kontrako atentatua” dela diote, eta zoru karstikoa puskatzeak “bueltarik gabeko eragina” izango duela.
Azkenik, “artzaintzaren alde” dagoela azaldu dute, baina betiere, “oreka” mantenduta. “Eta pista horiek egungo oreka eta datozen belaunaldiena puskatzen dute”. Aranzadik komisio bat sortu eta gaia lasaitasunez aztertu behar litzatekeela azaldu du, Aralar parke naturalaren beharrak aztertu eta garapen jasangarri eta orekatu bat izan dezan.