Izotzak euriteari utzi dio tokia, eta elur maila 500 metrora kokatuko da gaur gauerako. Egun hotzena larunbata izan zen, -7,2ko minimoarekin. Urtsuena asteartea, 66 litro

Legazpiko Mirandaolako parkea zurituta, azaroaren 23ko elurtean. // Argazkia: Tere Madinabeitia
Bost egunen barruan, zeropetik egotetik euritera, eta segidan elurretara jo du eguraldiak. Goierrin muturreko datuak izan dira urtea hasi zenetik atzo arte, bai tenperaturari dagokionez —negualdiko minimo absolutuekin—, bai prezipitazioari dagokionez.
2016a bukatu bezala hasi zen 2017a ere, meteorologikoki: izotza zuri goizetan, eguna joan, eguna etorri. Toki laiotzetan kendu ere ez du egin egunetan, astelehenera arte. Antizikloiak zerua oskarbi mantendu du 16 egunean, eta zeropera bidali ditu tenperaturak, ia egunero.
Orain arteko egunik hotzena larunbata izan zen, urtarrilaren 7a. Tenperatura minimo hotzena Urretxuko Aitzu estazio meteorologikoan neurtu zen: -7,2 gradu zentigradu. Goierri guztian izoztuta argitu zuen egun hark, eta estazio guztietan jardunaldi hotzena izan zen: Eztandakoan (Beasain) -6,7 gradu, Zegaman -2 eta Agauntzakoan (Ataun) -5,8 hartu zen, txikiena.
Izotzaldia astelehenean bukatu zen, eta prezipitazio emaritsuak iritsi ziren. Langar txiki moduan lehenengo eta eurite mardul gero, bi egunean ia etenik gabe bota zuen ura. Astear-tean eta asteazkenean, astelehenean eta atzo bota zuen kopuru nimiñoa gehituta, Aitzun denera 95,5 litro euri egin du, metro koadroko; Eztandan 86 jaso dituzte, Zegaman 84,3 eta Agauntzan 67,2 litro. Egun urtsuena asteartea izan zen, eskualde osoan. Aitzun ia 66 litro bildu zuten, 24 orduan.
Urtegiak hasi dira betetzen
Euria egun gutxitan egin badu ere, asko bota du. Horren eragina nabaritu da urtegietan, dagoeneko. Arriaran %48 zegoen beteta, asteazkenean (astebete lehenago %44); eta Barrendiola %84 (lau puntu gutxiago urtarrilaren 4an). Lareo %65etik 64 beheratu da, Beasain-Lazkao-Ordizia hornitzen aritu delako.
Elurra gaur gauean 500era
Atzoko eguna bareago igaro ondoren, elurra iragarri dute gaurko. Goizaldean 1.000 metro inguruan kokatu du Euskalmetek kota. Goizean 700-800 metroz goitik zurituko du, eta gauerako 500 metroraino jaitsiko da.
Elurra bai, baina ez kopuru handian. Prezipitazio txikia egingo du, toki batzuetan ertaina. 1.000 metroko altueran, elurra 5-20 zentimetro lodi pilatuko da, 600 metrora 5 zentimetro, gehienez. Gaurko abisu horia (neurrizko arriskua) eman dute.
Bihar, elur maila 400 metroan egongo da goizaldean, eta 500-600 metrora egunean zehar.