Itsasoko udalbatza osatu dute eta Gorka Sasietak hartu du aginte makila
Batzar aretoa jendez beteta zegoela hasi da Itsasoko udalbatza osatzeko osoko bilkura. Herritarrek ez dute galdu nahi izan beraientzat egun historikoa izan dena. Lau hamarkadaren ondoren, Itsaso udalerri izango da berriz ere, eta udal propioa izango du. Gaur osatu dute udal hori, Markel Olano Ahaldun Nagusiaren babesarekin.
Bost lagunek osatutako Kudeaketa Batzorde batek gidatuko du udal gobernu berria. Gorka Sasieta, Jose Maria Barrenetxea, Anttoni Okariz, Maria Isabel Olanga eta Xabier Elgarresta izango dira ordezkariak, 2015eko udal hauteskundeetan Itsasoko mahaian izandako emaitzei jarraiki. Guztiek kargua zin egin ondoren, batzorde buru izango dena aukeratu dute: Gorka Sasieta. Garikoitz Aiesta orain arte Ezkio-Itsasoko alkate izan denaren eskutik jaso du aginte makila.
Aiestak, “egun handia” dela azalduz hasi du bere hitzaldia. Desanexiorako bidea 2011n hasi zela gogorarazi du, baina orduan hasitako bide hark eman duela bere fruitua. Batzordea osatuko duten bost itsasoarrei animoak eman dizkie. “Ardura handia bada ere, ezer gutxi dago norbere herriaren kudeatzaile edo ordezkari politiko izatea baino, herriaren alde lan eginez, lan gogorra da, baina merezi du”. Bide berri honetan, ordezkari horiek “inoiz baino gehiago herritarren partehartzea” beharko dutela azaldu du, “inoiz baino gehiago, herritarren garaia” delako.
Udalaren gidaritza hartuko duen Gorka Sasietak ere “urrats handia” eman dutela esan du. “Udala da herritarrengandik gertuen dagoen administrazioa, herriaren bizkarrezurra beharko lukeena, eta Itsasori dagokionean, hain garrantzizkoa”. Udala martxan jartzearekin batera, “gertuagoko zerbitzuak eta kalitatezkoak” eskaintzea, herriko “espazio publikoak egokitzea” edota Itsaso mapan kokatzea izango dira datozen urteetarako erronketako batzuk. Herritarrei, “elkarrekin nahi dugun hgerria partaidetzan eta gardentasunean” eraikitzen joateko deia egin die.
Markel Olano Gipuzkoako Ahaldun Nagusia ere Itsason izan da, Gipuzkoako 89. herria izango den Itsasori ongietorria egiteko. Zorionak eman dizkie itsasoarrei eta “une historikoa” dela gogorarazi du, erabaki horrek “oker historiko bat, 1964an egindako injustizia historiko bat” zuzentzen duela uste baitu. “Garai hartan Francok egin zuen injustizia hark ondorio txarrak ekarri zizkizuen, besteak beste despopulazio prozesu bat egon zen, baina pixkana, adreiluz adreilu herriaren sen horri eutsiz berpiztu egin zarete”. Berpizkunde horretan auzolanak izan duen garrantzia aipatu du. “Hau ez da mugimendu artifizial bat, hemen herri bat dago, auzolana egiten duena, eta neurri batean gipuzkoarroi eta euskaldunoi bidea erakusten diguna, hemendik aurrera nola jokatu jakiteko, norbere interes partikularrak alde batera utzi eta herria jarri behar dela guztiaren gainetik”. Prozesu osoa “eredugarria” izan dela azaldu du. “Partehartzea egon da, bideragarritasun plan bat egin da, azken batean, gauzak txukun egin dira”.