«Arkatzez, tintaz eta azken ukituak ordenagailuz egien dizkiet marrazkiei»
Emzirrimarra marka sortu du Egoitz Mendinuetak (Legazpi, 1980). Diseinu grafikoa eta ilustrazioa uztartzen ditu eta bere zigiluaren ezaugarri nabarmenena garai bateko artisauen modura ...
Emzirrimarra marka sortu du Egoitz Mendinuetak (Legazpi, 1980). Diseinu grafikoa eta ilustrazioa uztartzen ditu eta bere zigiluaren ezaugarri nabarmenena garai bateko artisauen modura lan egiten duela da: den-dena berak egiten du tailer bihurtutako bere etxean. Koadernoak, serigrafiaz margotutako elastikoak, egutegiak…
Nondik sortu zen marka hau sortzeko ideia?
2012an hasi nintzen. Geldi nengoen, diseinu grafikoaren esparruan lana ezin aurkituta, eta nire kasa aritzea erabaki nuen. Sormenari nonbaitetik aterabidea eman behar nion. Aurretik, diseinu grafikoa ikasi nuen eta Zumarragako Zumardi diseinu enpresan praktikak egin nituen eta asko ikasi ere bai. Beti gustatu izan zait marraztea, eta egoerak bultzatuta nire kabuz hastea pentsatu nuen.
Egiten dituzun koadernoen lan prozesua zein den azalduko zenuke?
Ideia bat bururatu, eta marrazten hasten naiz. Marrazkia arkatzez egiten dut, gero tintaz eta azken ukituak ordenagailuz ematen dizkiot ongi definituta geratu dadin. Etxeko inprimagailuan inprimatzen ditut marrazkiak. Behin inprimatuta, gillotinarekin mozten dut; ez ditut oso formatu zailak aukeratzen etxean egingarriak izan daitezen. Azkeneko urratsa koadernaketa da.
Koaderno hauetan ertz batzuk borobil-borobil moztuta daude, nola egiten duzu hori?
Patxadaz, cutter soil batekin.
Elastikoak ere artisau baten eran serigrafiatzen dituzu?
Hariz egindako pantaila bat daukat, elastikoa ipini eta irudia plasmatzen dut, gero tinta pasata marrazkia elastikoan inprimatzen da. Etxean daukadan serigrafia sistemaren oinarria neuk asmatu dut.
Non ikasten da hori?
Gaur egun Interneten dena dago. Materiala zein egiteko erak aurkitu daitezke, baina ongi begiratu behar da eta ezin zara aurkitzen dituzun lehenengo azalpenekin konformatu, sarea arakatzea komeni da.
Serigrafia papererako ere erabiltzen duzu.
Serigrafiaz egindako inprimazioek definizio gehiago dute, xehetasunak galtzen dira, baina marrazkien trazuak egiteko oso baliagarria da. Artisau ukitu handiagoa ematen dio marrazkiari.
Orain zure lana ezagutzera ematen ari zara azokaz azoka.
Bai,neguko azokatan ibiliko naiz eta lanean jarraituko dut bien bitartean, ideia berriei bidea emanez.