Hiru egunez etenik gabe euria egin eta gero, hotzak hartuko dio lekukoa euriari, gaurtik aurrera
Mutur batetik bestera pasa da eguraldia egun gutxiren bueltan. Pasa den astean, Goierriko urtegiak larrialdi egoeran zeudela zabaldu zen, ur falta zela eta. Astebeteren buruan, ibaiak eta errekak gainezka egitear daude. Izan ere, euri askoko egunak izan dira, eta etenik gabe bota du gainera. Atzo, arratsaldeko bostetarako, 40,4 litro zituzten neurtuak Ordiziako meteorologia gunean. Igandean berriz, Zegaman izan zuten daturik altuena, 40 litrorekin. Bataz beste, beraz, 80 eta 90 litro artean egin ditu azken hiru egunetan. Horri esker, %100ean dago Barrendiolako urtegia, eta Arriaran (%74,1) eta Lareo (%67,5) ere errekuperatzen ari dira.
Euriteen ondorioz Oria eta Urola ibaiak hazita etorri ziren atzo, egun osoan. Erreka inguruetan bizi edo garajeak dituztenei kezka sortzeko moduan hazi baziren ere, ez zen aparteko arazorik sortu. Ordizian, Txismista zubi azpiko pasabidea izaten da puntu beltzetako bat, eta atzo ere, itxi egin behar izan zuten, Oria ibaia ateratzen ari zela ikusita. Gaur goizeko zortzirak aldera zabaldu dute atzera. Gainontzean, hainbat tokitan belardietara atera zen errekako ura, baina aparteko ondoriorik gabe.
Errepideekin jarraituz, luiziek eragin dituzte arazorik handienak. Asteburuaren atarian Ataunen izandako lur jausiak Lizarrustiko errepidea itxiarazi zuen. Asteburuan berriz, Zaldibiarako bidean izan da luizia. Konponketa lanak egin bitartean, errei bat itxita izan dute, han ere. Bestalde, Ordizia eta Itsasondo artean, Ibares parean, harkaitz handi bat erori zen menditik, eta errepidea moztu behar izan zuten, erretiratu bitartean.
Euriaren ondoren, hotza
Datozen egunetan atertzera egingo duela diote meteorologia agentzien pronostikoek. Elur maila 0-200 metro artean kokatuko bada ere, apenas espero da prezipitaziorik. Hori bai, euriaren lekukoa hotzak hartuko du. Ipar haizeak lagunduta datorren fronte hotzak zeropetik behera utziko ditu tenperaturak. Gaur hasiko da aldaketa nabaritzen, eta bihar, maximek ez dute 0 graduko muga gaindituko, minimoak berriz -7ra iritsiko dira. Ostiralean joko dute behea termometroek, -9ko tenperaturarekin.