Gorka Hermosa eta Ainhoa Jauregi, antzerki egitarauan
Urretxu eta Zumarragako alkateek, Jon Luquik eta Mikel Serranok, 2017ko antzerki egitaraua aurkeztu dute. Helduek zortzi antzerki saio izango dituzte eta haurrek bost. Helduentzako saioak Zumarragako Zelai Arizti aretoan izango
Urretxu eta Zumarragako alkateek, Jon Luquik eta Mikel Serranok, 2017ko antzerki egitaraua aurkeztu dute. Helduek zortzi antzerki saio izango dituzte eta haurrek bost.
Helduentzako saioak Zumarragako Zelai Arizti aretoan izango dira, 22:30ean, hileko lehen ostiralean. Otsailaren 3an Malmö lana antzeztuko dute, martxoaren 3an Frida Kahlo, viva la vida, apirilaren 7an Ele!! Lorca Lauaxeta, maiatzaren 5ean Hey bro! Hispter show!, ekainaren 2an Francoren bilobari gutuna, urriaren 6an La guerra del sofa, azaroaren 3an Bi izarren kalenturak eta abenduaren 1ean Los perros.
Aipatzekoa da Malmö antzezlanean Ainhoa Jauregi aktore urretxuarrak lan egiten duela eta Ele!! Lorca Lauaxeta lanean Gorka Hermosa akordeoilari urretxuarrak.
Sarrerek 10 euro balio dute, baina Gazte Txartela aurkezten dutenek 7 euro bakarrik ordaindu beharko dute. Bestalde, 30 urtetik azpikoek 5 euro bakarrik ordainduko dute, azken ordu erdian. 22:00etatik aurrera, alegia.
Bonuei dagokienez, 65 euro balio du. Euskarazko saioetarako bonuak 32,5 euro balio du eta Gipuzkoa Kultura bonua dutenek 10 euro gutxiago ordainduko dute bonuengatik.
Iazko bonua mantendu nahi dutenek gaur erosi behar dute bonua Zumarragako kultur etxean: 10:00etatik 13:30era eta 17:00etatik 20:00etara. Iazko bonua eduki arren, aldatu nahi dutenek ostegunean jo behar dute kultur etxera. Bai batzuek eta bai besteek iazko bonua aurkeztu behar dute. Aurten lehenengoz bonua erosi nahi dutenak larunbatean joan behar dira kultur etxera: 10:00etatik 13:30era. Urtero 130 bat bonu saltzen dira.
Haurrentzako antzerkia
Haurrentzako antzerki saioei dagokienez, otsailaren 19an Nahia eta Neo antzeztuko dute, martxoaren 19an Titirikontu, maiatzaren 7an Tipi, tapa, Korrika!, urriaren 22an Kartoibiraka eta azaroaren 19an Pintto Pintto.
Saio guztiak Urretxuko Labeaga aretoan izango dira, 17:00etan, bat izan ezik: Pirritx, Porrotx eta Marimototsen Tipi, tapa, Korrika! Pailazoek bi saio eskainiko dituzte, 16:30ean eta 18:30ean, Ederrena pilotalekuan.
Sarrerek 5 euro balio dute (pailazoen saiokoek 7 euro). Bonuak gaurtik otsailaren 17ra egongo dira salgai, Urretxuko kultur etxean. Haurren bonuak 20 euro balio du. Haurrari laguntzaile batekin joateko aukera ematen dion bonuak 30 euro balio du.
Bi alkateek antzerki egitarau hau bi udalen arteko elkarlanaren fruitua dela azpimarratu zuten. Helduen egitarauaren aurrekontua ia 35.000 eurokoa da eta haurrena 16.500 eurokoa.
Bukatzeko, Luquik eta Serranok bizilagunak antzerki saioetara gonbidatu zituzten.