Patxi Ezkiagari omenaldia prestatzeko bilera egingo dute ostegunean Legorretan
Patxi Ezkiaga idazle legorretarrari egingo zaion omenaldia prestatzeko bigarren bilera egingo dute ostegunean 19:30ean, Legorretako udaletxeko areto nagusian. Urrutiko lur hauek Legorretaren inguruko poemak biltzen dituen liburua idatzi eta herriari oparitu dio Ezkiagak. Hori ikusirik, Legorretako Udalak, eragileek eta herritarrek omenaldia egingo diote. Udalak, liburua argitaratu du eta eskaria egiten duten herritarrei oparituko die.
Ezkiaga, beti egon izan da herriaren eta herritarren zerbitzura; horregatik, Udala, liburuaren aurkezpena omenaldi moduan egiteko aukera polita izan daitekeelakoan dago. Ostegunekoa bigarren bilera izango da (abenduan egin zuten lehena), eta ekitaldiari forma ematen saiatzea da bileraren helburua. Asmoa da irakurraldi, musika, abesti, dantza… eta besterekin osatutako omenalditxo bat egitea.