Txindokiko atltetak gustura Euskadiko Kopako emaitzekin
Txindoki Atletismo Taldeak aurrenekoz parte hartu du Euskadiko pista estaliko Kopan, eta Ordiziako taldea gustura agertu da lortutako emaitzekin. Taldekako sailkapenetan, neskek 5. postua lortu zuten, eta mutilek 7.a.
Banakako sailkapenei dagokionean, bost garaipen lortu zituzten Txindoki atletismo taldekoek. Octavian Romanescuk 60 metroko lasterketa irabazi zuen, eta Eneko Agirrezabalek 1.500 metrokoa. Pisu jaurtiketan berriz, Ane Torres izan zen nesken artean onena, 11.85eko markarekin, eta Joseba Berasain gizonezkoetan, 7,2 kiloko harria 13.67 metrora botata. 4×200 errelebo proban ere, Txindokiko neskak izan ziren azkarrenak, eta mutilek, hirugarren egin zuten.
Podiumeko postu ugari ere lortu zituzten. Ainhoa Argandoñak hirugarren egin zuen 60 metrokoan; Ainara Zubeldiak 2. 300ekoan; Ahizpea Oiarbidek 3. 400 metrokoan eta Ane Irribarriak beste horrenbeste egin zuen 60 metro hesietan. Altuera jauzian, Nora Tobar bigarren onena izan zen, 1.58ko markarekin, eta Leire Mendizabal hirugarrena luzeera jauzian, 5.08ko marka eginda.