Legazpi, Urretxu eta Zumarragako udaletako euskara zerbitzuek martxan jarritako 'Euskaraz? Pozik gainera!' kanpainak selfie-ak eskatu dizkie herritarrei erosketak egiteko euskara erabili daitekeela aldarrikatzeko.
Martxa onean doa Goierri garaiko udaletako euskara zerbitzuek merkataritzan euskararen erabilera sustatzeko indarrean duten kanpainaren azken atala.
Euskaraz? Pozik gainera! lelopean, kanpainak selfie-ak eskatzen dizkie oraingoan Legazpi, Urretxu eta Zumarragako dendari, tabernari eta zerbitzu emaileei beren bezero eta erabiltzaileekin, erosketak eta salmentak euskaraz egiten dituztela erakusteko.
Xabier Bosch Emun kooperatibako euskara teknikariak darama kanpainaren ardura. Legazpiko udaletxeko euskara zerbitzuan du egoitza, eta handik koordinatzen ditu jasotzen ari diren selfie-ak. «Kanpaina martxan jarri eta hilabete eta erdira, 50 baino argazki gehiago jaso» direla azaldu du. «Jendea ari da animatzen poliki-poliki, baino selfie gehiago nahi ditugu» dio.
Orain arte bidalitako argazki horiek guztiak kanpainarako propio Facebook-en irekitako orrian daude ikusgai. Bidali, berriz,
pozikgainera@gmail.com helbidera bidali behar dira, edo whatsapp bidez 628 759 948 telefonora.
Kanpaina honetan parte hartzeko 18 urtetik gorakoa izan behar da. Bezero bakoitzak nahi adina selfie bidali ahal izango du, baina establezimendu bakoitzeko bat bakarrik. Merkatariek ere bidali ditzakete argazkiak, baina bezero diren establezimenduetakoak. Parte hartzen duten bezero guztien artean erosketa txartelak zozkatuko dituzte kanpainaren amaieran. Erosketa txartel horiek selfietan agertzen diren denda edo zerbitzuetan gastatzeko izango dira.
Merkatariak eta bezeroak
Badira urte batzuk Legazpi, Urretxu eta Zumarragako merkataritzaren alorrean
Euskaraz? Pozik gainera! kanpaina martxan dagoela. Kanpainaren lehen zatian mosaikoa osatu zen, euskaraz erosten duten 1.400 herritarren argazkiekin. Bigarren zatian merkatariengana jo zuten eta beren denda edo establezimenduetan euskarak zuen presentzia argazkien bidez erakusteko eskatu zieten. Oraingoan, bi alderdiak elkartu nahi izan dituzte, eta bezeroak eta merktariak batera inplikatu dituzte merkataritzaren alorrean euskararen erabilera aldarrikatzeko.
Txartel berezia sortu dute kanpainaren azken atal honetarako, eta hori eskuetan dutela atera behar da argazkia. Boschek aitortu du ez duela oraindik merkatari guztiengana iristeko modurik izan, baina inork kartel hori nahi izanez gero, hiru udaletxetako euskara zerbitzuetan dutela eskuragarri.
Kanpainaren sustatzaileak
Euskara zerbitzuez gain, Zintzo Mintzo euskara elkarteak, Urola Garaiko Mankomuniktateak eta Ilinti eta Bitartean merkatari elkarteek sustatzen dute kanpaina.