Ikurrina legeztatu zuteneko 40. urtemuga
Gaurko egunez, duela 40 urte legeztatu zuten ofizialki ikurrina, 40 urtez debekatuta egon eta gero. Garai hartan indar handia hartu zuen Alkateen Mugimendua Rodolfo Martin Villa Espainiako Gobernazio Ministroarekin bildu zen 1977ko urtarrilaren 18an, eta udal eta aldundietan jarriko ziren ikurrinekiko “tolerantzia” izango zuela hitz eman zien. Biharamunean, Euskal Herriko dozenaka udaletxetan jarri zuten, eta ofizialki legeztatuta gelditu zen. Garai hartan euskal gizartean zegoen nahiak eztanda egin zuen orduan, eta Goierriko herririk gehienetan ere egun berean jarri zuten ikurrina udaletxeetako balkoietan.
Legazpi izan zen erabakia hartzen aurrenekoetako bat, garaiko udalbatzako aktak jasotzen duenez. Arratsaldeko 19:30ean, Pedro Agirre Ugarte eta Pedro Solana Buldain izan ziren ikurrina udaletxeko balkoitik zintzilikatu zutenak. Ormaiztegin ere egun berean jarri zuten, Martin Perez de Albeniz alkatea eta Jose Julian Baztarrika zinegotziak.
Pueblo egunkariak jasotzen duenez, berriz,bi mila bat laguneko manifestazioa egin zuten Zumarraga eta Urretxu artean, baina Guardia Zibilak jendea banatu arazi zuen.
Ikurriña jartzeko saiakerak
Aurretik ere izan ziren ikurrina aldarrikatzeko saiakerak eskualdean. 1968an, esaterako, Lazkaoko beneditarren monastegiko elizaren kanpandorrean jarri zuten ikurriña. Ekintza hura fraide beneditarrek beraiek egin zutela uste da; ikurrina jartzeaz gain, teilatu osoa koipeztatu zuten, eta teilatua irristakor zegoenez, Guardia Zibilak egun osoa behar izan zuen ikurrina erretiratzeko. Lazkaon ere, 1977ko urtarrilean jarri zuten ikurriña udaletxean, plenoan onartu eta gero.
Bada beste pasarte bat, 1967koa eta Beasainen gertatutakoa. Munduko Ziklokross Txapelketa ospatzen zen egunean, ETA erakundeak zirkuituan zehar zeuden bandera espainiar guztiak kendu eta bi ikurrina erraldoi jarri zituzten, goi tentsioko linean zintzilikatuta. Ikurriñak garaiz kentzeko modurik ez zegoela ikusita, proba hasi egin zuten, baina bozgorailuetatik Espainiako ereserkia jarri omen zuten goiz guztian, Iñaki Egañak Cuando la Ikurrina llegó a los Andes liburuan jasotzen duenez.