Gaur, Beasaingo Usurbe Antzokian, 20:00etan eta 22:15ean, Descalzos Producciones taldearen endredoko komedia ikusteko aukera izango da. Gazteleraz da. 10 euro balio du sarrerak

Ados Teatroa taldearen
Idiot Txou antzezlanak eman zion hasiera Ordizian pasa den ostiralean aurtengo XXIII. Antzerki Garaiaren egitarauari. Apirilaren 21era bitartean, zortzi antzezlan aurkeztuko dituzte Beasaingo Usurbe Antzokian eta Ordiziako Herri Antzokian; sei euskaraz eta bi gazteleraz.
Beasaingo lehenengo saioa gaur izango da; saio bikoitza izango da gainera, 20:00etan eta 22:15ean. Descalzos Producciones taldeak
No te vistas para cenar komedia aurkeztuko du, Jose Troncosoren zuzendaritzapean. Oholtzan ariko direnak, Yolanda Arestegui, Goizalde Nuñez, Cuca Escribano, Antonio Vico eta Jesus Cisneros izango dira.
Gaur egungo
vodevilla eta endredoko komedia da
No te vistas para cenar. Argumentuak dioenaren arabera, Mercedesek bere ama bisitatu behar duela baliatuz, Fernandok bere maitalea, Susi, asteburua berarekin igarotzera gonbidatu du. Baita Karlos ere, zurigarri gisa. Susana izeneko sukaldaria ere kontratatu du, dena hobe ezina izan dadin. Baina gauzak ez dira berak pentsatu bezala irteten eta gau erromantikoa, agerian ez geratzeko itxurak egiten dituztenen gau zalapartatsua bilakatuko da.
Saioko sarrerak 10 euroan eros daitezke leihatilan bertan edo Kutxabankeko webgunean.
Beasaingo eta Ordiziako antzerki denboraldiaren barruan, otsailean beste bi antzezlanez gozatzeko aukera izango da: otsailaren 17an, Ordizian, Txalo produkzioaren
Jainko basatia (Aitziber Garmendia zaldibiarra aktoreetako bat dela), eta otsailaren 24an Beasainen Hika antzerki taldearen azken lana,
Koaderno zuri.